Lekuz aldatuko dute gaztetxea

Goiena 2006ko uzt. 5a, 10:37
Gaztetxearen inguruko hausnarketa egiten ari dira Eskoriatzan. Egungo gaztetxearen eraikina egoera txarrean dago eta bizilagunek kexa asko aurkeztu dituzte. Eraikin hori itxi eta gazteentzako tren geltoki zaharra egokitzea da udalaren asmoa.

Tirabirak

Tirabirak

Aspaldian, Santa Ana auzoan dagoen mojen zinemaren eraikinak zeresan handia eman du. Orain dela bospasei urte udalak gazte batzarrari utzi zion eraikin hori gaztetxe moduan erabil zezan. Garbitasun eta zarataren gaineko akordio batzuk egin zituzten, eta han ekimenak antolatzen hasi ziren. Iaz gazte berri asko sartu ziren gaztetxera eta gazte batzarraren eta berrien artean tirabira handiak izan ziren. Ondorioz, ordura arteko gazte batzarrak alde egin zuen.

Egoera okertu egin dela diote bizilagunek

Santa Anako bizilagunak aspalditik daude kezkatuta eraikinaren egoerarekin, oso zaharra delako eta egoera txarrean dagoelako, eta diote gazte batzarrak alde egin zuenean egoerak txarrera egin zuela. Horregatik, udalera jo izan dute hainbat alditan. Udalak, bere aldetik, eraikinaren bi azterketa egin eta gero, debekatu egin die kontzertuak egitea egun eraikinean dauden gazteei, eta, egunero, elektrizitatea eteten die gauerdian.

Geltoki zaharraren erabileran ezadostasunak

Kokaleku berria egokitzat hartu dute gazteek, asmo asko dituzten arren, egungo eraikinean gauzatu ezin dituztela badakitelako, baina geltoki zaharra egokitu bitartean kalean geratzeko aukerak arduratu egiten ditu. Joan den urtera arte gaztetxea kudeatzen zuen gazte batzarrak, bere aldetik, uste du hobe dela eraikin berriari gaztetxe moduan erabili beharrean herriko hainbat elkarte eta taldek erabiliko luketen topagune bilakatzea.

Urrirako gaztetxe berria

Udalaren asmoa da udal brigada industrialdera eramatea, eta geltokian oinarrizko lan batzuk egin ostean, urrian gazteei hango giltzak ematea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak