Euskal Jaiaren giroan festen azken txanpa egin dute asteburuan

A.G. 2006ko uzt. 3a, 10:31
Zapatuko Euskal Jaiarekin esan zieten agur San Pedroei eskoriatzarrek. Eguaztenean hasi eta hilaren lehenera arte jaien giro bikainean murgilduta ibili dira eskoriatzarrak eta ekintzek izandako erantzuna ere ona izan da.

Asteburuan haurrak izan dira protagonistak hein handi baten. Egubakoitzean, herria eurendako hartu eta danborrada egin zuten. Aurretik, Eskoriatzan dagoeneko ia herrikoak diren Pirritx eta Porrotxen bisita izan zuten. Goraino bete zuten haurrek plaza.

Euskal Jaian giro ona

San Pedroek zapatuan esan zuten agur Euskal Jaiarekin eta giroa orduan ere apartekoa izan zen. Goizean goiz hasi ziren txistulariak ohean nagituta geratutakoei dei egiten. Ondoren, herriko trikitilariek hartu zuten lekukoa. Haien musikarekin eta plazan ipinitako sagardo-kupel eta talogileekin ez zen eguzkia bakarrik izan giroa berotu zuena. Dantza taldeekin hitzordua zetorren hurrena. Lehenengo gaztetxoenek dantzatu zuten eta ondoren emanaldi berezia egon zen. Izan ere, Gorosarri dantza taldeko lau belaunalditako kideek saio berezia egin zuten eta Ingurutxo dantzatu zuten, lehengo denboren oroigarri. Behin amaituta, herri bazkaria egin zuten Gorosarrin.

Gauean erromeria-zaleek Tapia eta Leturia izan zituzten herriko plazan eta doinu gogorragoek Unibertsitateko aparkalekuan izan zuten lekua punk kontzertuarekin: La Broma de Satan, Katapunk, Kaos Urbano eta Taquikardia taldeek jo zuten, hain zuzen ere. Erantzun ona izan zuten emanaldi biek zapatuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak