Herri bazkaria egin zuten VI. Aste Zapatistari amaiera emateko

A.G. 2006ko eka. 19a, 11:01
Mexikoko jaki tipikoekin osatutako menua prestatu zuten zapatuko herri bazkarirako. Eskoriatzako Txiapasekin Elkartasun Taldeak, herriko gazte batzarrak eta Amuska emakumeen elkarteak antolatu dute aurtengo Aste Zapatista, ibarrean egiten den bakarra. Aste guztian egon dira ekitaldiak, baina asteburukoek izan dute erantzun onena, Iurre Romaratezabala antolatzaile-buruak esan zuenez.

Iurrek 12 urte daramatza Mexikora bidaiatzen eta han ikusitakoak ematen diola indarra horrelako ekitaldiak antolatzeko adierazi zigun. "Baztertuen alde egitea da helburua, baztertu mota guztien alde, eta mundu justuago baten aldeko kontzientzia piztu nahi dugu. Bestalde, Eskoriatzako zein bailarako herritarrak batzea ere ondo dago". Kontzientziazio horren harira, hitzaldiak, film emanaldiak eta hainbat ikuskizun izan dira astelehenean hasi eta zapatura arte tabernetan eta kultura etxean. "Adin guztientzako ekitaldiak egon dira eta informazio interesgarri asko eskaini dugu, gustura gaude ".

Mexikar menua gustuko

Zapatuko herri bazkarian 100 lagun inguru elkartu ziren eta oso gustuko izan zuten mexikar menua. Amuska taldeko kideek prestatu zuten janaria eta hainbat herritarrek egin zuten zerbitzari lana. Izan ere, Mexikoko lagun bat etorri zen Eskoriatzara eta hark erakutsitako errezetak prestatu zituzten: tinga, alanbrea, frijoleak, arroza, guakamolea...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak