Bidegik bi aldaketa egingo ditu Eskoriatza eta Arlaban arteko autobide zatian

Goiena 2006ko mai. 26a, 15:49
Arlabango tunelaren inguruan autobide azpiko igarobidea egingo du, eta San Bernabe inguruan aurreikusita zegoena zabaldu.

Eibar-Gasteiz autobidearen lanak aurrera doaz. Debagoienean bi eremutan dihardute lanean: Arrasate eta Eskoriatza artean, eta Eskoriatzatik Arlabanera bitarteko zatian. Azken tarte honetan, hain justu, Bidegik onartu du bi aldaketa egitea, 500 mila euroko aurrekontuarekin:

1. Arlabango tunelaren inguruan, Marin auzoan, hasierako proiektuan zehaztuta ez zegoen autobide azpiko igarobidea egingo du, autobidearen alde bietako bideak lotuko dituena.

2. Intxaurtxueta auzoan, San Bernabe inguruan aurreikusita zegoena zabalduko du. Puntu horretako autobide azpiko igarobideari lau metroko zabalera ematea zen asmoa; azkenean, baina, bederatzi metro zabal eta lau metro t’erdi garai izango da.

Alegazioei erantzunez

Bidegitik adierazi dutenez, eskoriatzarrek egindako alegazioei erantzunez sartu dituzte aldaketok proiektuan. Juan Karlos Bengoak adierazi du zaila dela aldaketa hauek eskatzen diren beste batzuk baino garrantzitsuagoak diren edo ez esatea. Edonola ere, poztekoa dela esan du.

Bidegirekin harremanak

Gogoratu, eztabaidaz betetakoa izan zela Eskoriatzako ordezkariek Bidegikoekin izandako azken bilera, eta Nestor Aranak zutitu eta alde egin zuela bilera hartatik. Harremanek hobera egin duten galdetuta, Eskoriatzako alkateak esan du momentuz etenda daudela, nahiz eta euren partetik bilerei berriz ere ekiteko ahaleginak egiten dabiltzan.

Ildo horretatik, eskaera zuzena egin die Bidegiri eta Foru Aldundiari, elkarrizketak berreskuratzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak