Gazte Egunak giro polita sortu zuen herrian, baina erantzun epela izan zuen

A.G. 2006ko mai. 15a, 10:43
Grafiti erakustaldiak eta Capoeira emanaldiak erakarri zuten jende gehien Eskoriatzako Gazte Egunean; antolatzaileek, baina, herriko gazteen erantzuna epela izan dela diote.

Arianrod, Klineks eta Lukas Prest musika taldeen kantuz osatutako bildumaren zuzeneko aurkezpena aitzakia hartuta ospatu zuten eskoriatzarrek zapatuan Gazte Eguna. "Intsumiso Eguna egiten genuen lehen, gerora Udaberri Jaia izatera pasatu zena, baina aspaldian ez da horrelakorik antolatzen", adierazi ziguten Lukas Prest taldeko bi kidek. "Aurten Gazte Eguna antolatu dugu Udaleko Gazteria Sailarekin batera, baina, berez, horrelakoak Gazte Asanbladak egin beharko lituzke".

Zapatuan, goizetik iluntzera bitartean ospatu zuten Gazte Eguna eskoriatzarrek. Antolatzaile diren musikarien esanetan, ordea, "epela" iruditu zaie herriko gazteek deialdiari emandako erantzuna. "Herriko gazte gutxi etorri dira antolatutako ekitaldietara. Giro polita sortu da, jendea bildu delako herriko plazan zein inguruetan, baina ez Eskoriatzako gazteei esker".

Kale animazioa goizetik

Goizeko hamaiketan eman zioten hasiera Gazte Egunari Eskoriatzan, etxafuegoen jaurtiketarekin eta herriko trikitilariek alaitutako triki-poteoarekin.

Eguerdian, arrakasta handia izan zuten grafiti erakustaldiak zein capoeira emanaldiak izan ziren. Arrasateko bi grafitilari aritu ziren Gazte Egunari buruzko marrazkia egiten, gerora herriko plazan ikusgai egon zen grafitia. Capoeira emanaldia, berriz, Igor Ezpeleta eskoriatzarrak eta bere ikasleek egin zuten.

Bazkaria eta kontzertua

Udaletxeko arkupe azpian egin zuten gazte bazkaria Eskoriatzako gazteek. 45 lagun inguru batu ziren mahai inguruan, eta luze jo zuen bazkalondoak. Entsalada errusiarra eta oilasko errea izan zuten bazkaritarako. Postrearekin batera bertsolarien jarduna entzun zuten.

Gaueko kontzertua izan zen arratsaldeko ekitaldi nagusia. Klineks, Arianrod eta Lukas Prest taldeek Udalaren laguntzarekin kaleratutako Lokaletako Hotsak izeneko bildumaren zuzeneko aurkezpena izan zen kontzertua. "Gutxi dira horrelako aukerak ematen dituzten Udalak, eta eskertu beharrean gaude", esan zuten Klineks taldekoek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak