HUHEZIk 30 urte bete ditu

Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak 30 urte bete ditu. 1976an, ikusita euskarazko irakaskuntzak, aurrera egitekotan, irakasle tituludunak behar zituela, Hezibide elkarteak, zeinek batzen baitzituen Debagoieneko hezkuntza kooperatibak, Irakasle Eskola sortu zuen Eskoriatzan (Gipuzkoa).

Hasieran, ofizialtasunik ez eta, Irakasle Eskola hasi zen eskolak ematen Salamancako Unibertsitate Pontifizioaren gela moduan. 1997an, Mondragon Unibertsitatea eratu zenean, Irakasle Eskola HUHEZI bihurtu zen.

Historia

Hauxe da fakultatearen historia:

1978 Onarpen ofiziala. Hezkuntza Ministerioak onartu egin zuen Eskoriatzako Irakasle Eskola, aurrerantzean atxikita Bilboko Unibertsitateari (gero EHU).

1979 Lehen promozioa. 39 irakasle irten ziren urte hartan, irakasle diploma eskuan.

1980 Irakasle Eskola, kooperatiba. Bere ingurunean txertaturik, urrats logikoa izan zen eskola kooperatiba bihurtzea.

1981 Titulurik gabeko irakasleen lehen promozioa. Urte hartan 147 maisu-maistrak eskuratu zuten titulua, ikastoletan edo herri eskoletan euskara irakasten titulu barik ibilita. Guztira, titulurik gabeko 700 maisu-maistrak amaitu zituzten ikasketak Eskoriatzako Irakasle Eskolan.

1984 Haurren gaineko dokumentazio zentroa. Sei urte arteko haurren gaineko dokumentazioa biltzen, antolatzen eta zabaltzen hasi zen Eskola, sei urte bitarteko haurren gainean.

1985 Ikasleen birgaitze programa. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin batera, Eskoriatzako Irakasle Eskola ikastaro bereziak antolatzen hasi zen, lanean ari ziren irakasleak egunean jartzeko. Jakingarriak aldizkaria sortu zen.

1988 Bideo didaktikoak. “Piti gaztagile” egin zen, helburu didaktikoekin egindako bideo bilduma bateko lehen bideoa.

1990 Euskararen normalizazioa administrazioan. Irakasle Eskolak ikastaro bereziak antolatu zituen, lantzeko euskal administrazioko funtzionarioen hizkuntza eskakizunik jasoenak.

1992 Ikasliburugintzan. Dozena bat liburu argitaratu ziren, euskarazko irakaskuntzan ikasliburuak behar zirela-eta.

1996 Hezkuntza Berezia. Hezkuntza Berezia espezialitatea sortu zen, profesionalak prestatzeko hezkuntza premia bereziak dituzten haurrekin lan egiteko.

1997 Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea. Eskoriatzako Irakasle Eskola Mondragon Unibertsitatean sartu zen, eta bertako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultate bihurtu zen, HUHEZI. Horrekin batera, Humanitateak-Enpresa izeneko lizentzia sortu zuen.

1999 Eraikin berria. Hasierako eraikina txiki geratu zela-eta, Gizabidea fundazioak alboko San Viator eraikina (XVII mendekoa) erosi zuen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearentzat. Urte horretan fakultateak “Enpresa Proiektuen Zuzendaritza” masterra sortu zuen.

2000 Psikopedagogia lizentzia. Bigarren zikloko lizentzia moduan sortu zen, hobeto erantzuteko irakaskuntza eta gizarte eleaniztunetan sor daitezkeen arazoei.

2001 On line ikasketak. Psikopedagogia ikasketak eta master bat, sarean ipini ziren. Halaber, Humanitateak-Enpresako lehen promozioak ikasketak bukatu zituen. Urte berean, bi master gehiago eratu ziren: Informaziorako eta Komunikaziorako Teknologiak Formazioan, eta Hezkuntza Zuzendaritzan.

2002 Esku-hartze Psikopedagogikoa. Psikopedagogia ikasketen barruan antolatu zen.

2003 Mendeberri proiektua ezarri. Arazoetan Oinarritutako Irakaskuntza hasi zen aplikatzen modu sistematikoan Irakasle ikasketen lehen mailan.

2004 Pertsona eta Talde Garapena. Gestio unitate bat sortu zen izen horrekin. Halaber, sortu zen Informaziorako eta komunikaziorako Giza Zientziak. Urte horretan hasi zen irakasten Prestakuntza Pedagogikorako ziurtagiria.

2005 Ikus-entzunezko komunikazioa. Lau urteko lizentzia.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.