Ikusmin handia sortu du ibarrean egindako lehen ezkontzen azokak

A.G. 2006ko api. 3a, 10:12
Domekan egin zen Mendigoia hotelean ibarreko lehen ezkontzen azoka. Profesionalen eskaintzak ikustera jende asko hurbildu zen. Esperientzia ona izan dela ikusita datorren urtean ere azoka egitea aurreikusten dute antolatzaileek.

Pozik agertu dira azoka amaieran bertan esku hartu duten erakusleak. Hogei izan ziren azkenean –14 ziren ibarrekoak– eta beherapen interesgarriak eskaini zituzten azokara hurbildutako ezkongaiei. "Oso pozik gaude azokak izandako arrakastarekin", azaldu digu azokaren antolakuntzan ibili den Jose Antonio Martinezek. "Erakusleak gustura gelditu dira eta gehienek datorren urtean azoka berriz ere antolatzeko proposamena egin dute. Egia esan, jende asko etorri da".

Gaueko 21ak arte egon zen zabalik azoka Eskoriatzako Mendigoia hotelean. "Ez dakigu oraindik zenbat bikote etorri diren", esan zigun Jose Antoniok atzo gauean. "Baina asko izan dira. Arratsaldean, batez ere, azoka jendez gainezka egon da".

Oinetakoak, loreak, gonbidapenak, musika, emaztegai-soinekoak, jantziak, bidaia agentziak, argazkilariak, estetika zentroak, ile-apaindegiak, antzinako autoak, oheak... denetariko produktuak egon ziren ikusgai azokan eta ezkongaiek nahi beste galdera eta aurrekontu eskatu ahal izan zituzten sektoreko profesionalei.

Desfilea goiz eta arratsaldez

Azokako ekitaldi indartsuenetako bat moda desfilea izan zen. Hamabi modelo aritu ziren ibiltokiaren gainean azken tendentziak erakusten. Lehenengo gonbidatuendako jantziak eta soinekoak egon ziren ikusgai. Guztira gizonezkoendako 9 jantzi eta emakumezkoendako 25 diseinu.

Emaztegaiendako 15 soineko erakutsi zituzten modeloek ibiltokiaren gainean eta senargaiek ere izan zuten non aukeratu 11 jantzi ezberdin egon baitziren ikusgai.

Gustura jarraitu zuen desfilea Mendigoiara hurbildutako publikoak, gehienak ezkongaiak baina beste asko kuxkuxeroak.

Azokari amaiera emateko xanpain eta pastel dastatzea egon zen baita opari zozketa ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak