Literatura Astea, HUHEZIren eskutik

EduMendibil 2006ko mar. 10a, 17:10
MUko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak antolatuta, Literatura Astea izango da martxoaren 20tik 23ra. Aurtengo ekitaldirako Zazpi bekatu nagusiak izan da aukeratutako gaia.

MUko Hizkuntza Saileko Arantza Ozaetak esan digunez, Javier Revertek eman zien jardunaldiok bekatuen gainean antolatzeko ideia: “Iaz, Literatura eta bidaia zen goiburua, eta Javier Reverteri etortzeko gonbidapena egin genion. Bidaien gainean berba egiteaz nekatuta zegoela eta bekatuez berba egiteko gogoa zuela esan zigun. Azkenean ez dugu ekartzerik izan, baina Atxagak esaten duen moduan ideia fotokopiatu diogu, behinik behin”.

Zazpi bekatu

Gai horren harira, izen handiko idazleak etorriko dira Eskoriatzako fakultatera. Bekatuak eta idazleak lotzeko orduan ez da arazorik egon: “Kirmen Uribek inbidia aukeratu zuen eta gainerakoak nik proposatu nizkien: Hasier Etxeberriari sabelkeria (gula), sukaldaritzako gaiak landu izan dituelako askotan; Unai Elorriagari handikeria, bere pertsonaiak umilak eta apalak direlako, ikusezinak ia, justu handikeriaren kontrakoak; eta Harkaitz Canori nagikeria, jostalaria delako, umorearekin primeran moldatzen delako”, diosku Ozaetak. Santo Tomas Aquinok zerrendatutako zazpi bekatuetatik, hira eta zekenkeria kanpo geratu dira, haragikeria mahai-inguruan jorratuko baitute.

Mahai-ingurua eguenean Arrasaten

Hain zuzen, Literatura Asteari hasiera emateko, eguenean, hilaren 17an, mahai-ingurua egingo dute Arrasateko Monterron jauregian, 19:00etan. Bekatua eta haragikeria izenburupean, Aizpea Goenagak, Iñigo Lamarcak eta Jabier Muguruzak hartuko dute parte eta Ana Urkiza arituko da moderatzaile lanetan.

Programa

Gainerako hitzaldiak HUHEZIko fakultatean izango dira, Eskoriatzan:

Martxoak 20, astelehena Kirmen Uribe / Inbidia / 19:00

Martxoak 21, martitzena Hasier Etxeberria / Sabelkeria / 19:00

Martxoak 22, eguaztena Unai Elorriaga / Handikeria / 11:30

Martxoak 23, eguena Harkaitz Cano / Nagikeria / 19:00

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak