Marin, Zarimutz eta Mazmelan errepikagailua jartzen dabiltza

Goiena 2006ko urt. 18a, 16:23
Eskoriatzako hainbat elizateetara ez da telebista seinalea ondo heltzen. Arazo handiena dutenak Marin, Zarimutz eta Mazmelako bizilagunak dira. Hori konpontzeko errepikagailua jartzeko lanak hasi dituzte. Hala, Internet erabiltzeko aukera ere izango dute.

Udalak jakin badaki aspalditik udalerriko hainbat elizateetan telebista ondo ikusi ahal izateko kableatu pribatu edo kolektiboak egin behar izan dituztela.

Udalak behingoz konponbidea eman gura izan dio arazo horri, eta Telecom Novatecno enpresari adjudikatu dizkio lan horiek.

Horren arabera, enpresa horrek hondeaketa egin, korrontea eraman eta instalazioa jarri beharko du. Horretarako, 75.000 euroko aurrekontua dauka.

Errepikagailua Aitxorrotx aldean

Udalak jakinarazi digunez, errepikagailua Leintz Gatzagatik Zarimutz aldera jarriko dute, Atxorrotx menditik gertu. Hain zuzen ere, Gorosarri baserriaren gainetik. Udaleko ordezkarien esanetan, leku oso aproposa da. "Handik ikuspegi ona dago seinalea hartzeko, eta elizateetara bidaltzeko. Berez seinalea Oiz menditik hartuko dugu".

Lanak martxorarte

Lanak Eskoriatzako Udalak eramango dituen arren, argindarra Leintz Gatzagako Artabilla baserritik hartuko dute, hori da-eta gertuen aurkitu duten aukera.

Lanok urtarrilean hasi zituzten eta Udalaren asmoa da bi hilabete barru, martxo aldera, bukatuta egotea.

Horrez gain, jakinarazi dute telebista seinalea emateaz gain, Udalak enpresa horri eskatu diola banda zabala ere abiarazteko. Horren bitartez, hiru elizateetan bizi diren lagunek Internet erabiltzeko aukera ere izan dezaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak