Benito Lertxundik asebete egin zituen Eskoriatzan elkartutako zale guztiak

A.G. 2006ko urt. 16a, 09:38
Bi ordu eta 40 minutuko zuzenekoa egin zuen zortzi musikariz lagunduta; leporaino bete zen kiroldegia.

Udazken koloretan izan zen lehenengoa 22:30ean. Maria Solt ta Castero azkenekoa ordu bi eta 40 minutu beranduago. Tartean, ia atsedenik barik 30 abestitik gora eta hainbat pieza instrumental, guztiak publikoak parte hartzeko modukoak. Ez dago dudarik, 40 urte igarota ere Benitok badaki bere publikoa asebetetzen. Kanta berriak eta betiko kantak tartekatu zituen oriotar beteranoak, eta guztiak atsegin handiz entzun genituen. Berriak oso ederrak, eta betikoak, berriz, gogoangarriak. Tarteka, meza orduan ginen sentipena izan nuen: hura zen isiltasuna! Baina kanta bakoitza amaitzerakoan, txalo hotsez betetzen zen Eskoriatzako udal kiroldegia.

Argazkiak lagun

Zuzenekoa bikaina izan zen. Dudarik ez dago. Eszenatokian bederatzi lagun ziren, eta modu sinple baina neurtu baten atondu zuten eszenatokia: pantaila erraldoi baten, izugarrizko ikus-entzunezkoak eskaini beharrean, argazkiak erakutsi zituzten. Lehenengoan, hostoak jausten ari zaizkion udazkeneko baso zuhaitza. Baina itsasoa ere ikusi genuen, eder asko. Hortxe azaldu zigun Benitok nola Jon Maia joan zitzaion etxera Itsasoari begira abestiaren letrarekin. Itoitz ere ikusi genuen.

Hunkigarria izan zen Erribera, Atarratzeko jauna, Nere herriko neskatxa maite... entzutea. Jendearen eskariei erantzun zien Benitok, berak ederki dakien moduan, eta ia 3 orduko emanaldiaren ostean, asebeteta alde egin genuen Maria Solt jotzen zuen bitartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak