Mendigoia hotelak ateak ireki ditu Eskoriatzan

Gorka Etxabe 2006ko urt. 4a, 15:30
Oraingo astean ireki ditu ateak Mendigoia hotelak Eskoriatzako Torrebaso industria eremuan. 180 pertsonarentzat lekua du eta jatetxea, kafetegia eta bilera gelak ere baditu. Momentuz 20 lagunek egingo dute lan, horietatik %90 eskoriatzarrak eta gainerakoak inguruko herrietakoak.

Hiru izar ditu Mendigoia Hotelak eta dagoeneko ireki ditu ateak Eskoriatzan. Fagor Ederlan lantoki parean dago, Torrebaso industria eremuan. Oraindik logela asko ez dituzte ireki eta bilera gelak ere ez daude prest baina dagoeneko jatetxe, kafetegi eta 17 gela zabaldu dituzte.

Zenbait logela beteta dagoeneko

Zerbitzua, hortaz, eskaintzen ari da eta bertako kudeatzaileak esan digunez, oraingo astean bertan logela dezente dituzte beteta. Izan ere, oraingo hilabetean eskaintza berezia ari da egiten Mendigoia.

Guztira 180 lagunentzako tokia izango da hotelean. 87 logela ditu, horietatik bi ezinduentzat. Logela arruntak eta luxuzkoak daude, eta enpresa bilerak egiteko gelak ere baditu lehenengo solairuan.

Langile gehienak eskoriatzarrak

Jantokia ere badu eguneroko menuarekin eta beste jangela erraldoi bat 300 lagunentzat. Langileei dagokienez, gehienak dira herrikoak. Gaur egungo 20 langileetatik %90 eskoriatzarrak dira eta gainerakoak inguruko herrietakoak. Hotel berriko kudeatzaileak esan digunez, enpresa arloko turistak espero dituzte aurrerantzean, nahiz eta edonolako turismoaren etorrera ez duten baztertzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak