Dagoeneko ikusgai daude zenbait pieza Eskoriatzako Ibarraundi Museoan, Euskal Herriko zeramika tradizioaren erakusle. Iparraldeko zein hegoaldeko zeramikak batu zituen Bitoriano Larrañaga bergararrak 30 urteko ibilbidean eta orain Eskoriatzako Udalak eskuratu du bilduma.
Udalak 60.100,00 euro ordaindu ditu baina adituen esanetan bildumaren balioa askoz handiagoa da. Guztira 242 pieza daude; Besteak beste, Lizarra, Narbaxa, Bergara eta Zegamako baserri, komentu eta elizatan batutakoak.
Otsailean erakusketa eta ondoren Zubiatera
Eskoriatzako Udalaren asmoa da otsailean erakusketa egitea Ibarraundi Museoan, eta, gero, Zubiateko labearen inguruan egingo duten erakusketa aretoan jartzea. Zubiaten buztingintza bat jarriko dute, labea ere izango da eta horri guztiari batuko zaio erosi berri duten zeramika bilduma.
Euskal Herriko zeramikaren ezaugarri nagusia da esmalte zuria erabiltzen dela. Ibarraundin ikusgai dauden pieza guztiek dute esmalte mota hori. Nahi duten guztiek dute aukera Ibarraundira gerturatzeko eta Euskal Herriko zeramikaz gozatzeko.