Autobideak kaltetutakoen elkartea haserre eta kezkatuta

Mirari Altube Arrese 2006ko urt. 2a, 18:03
Eskoriatzako autobideak kaltetutakoen elkartea kezkatuta eta haserre dago Bidegiren jarrerarekin. Autopistan lurjausiak egon daitezkeela aurreikusten dituzten azterketa teknikoak gutxietsi dituela Bidegik diote. Hori guztia salatzeko autobideak kaltetutakoen elkarteak prentsaurrekoa egin zuen Donostian.

Bidegiren jarrera salatu gura izan zuten elkarteko ordezkariek eta Mazmela auzoan egingo dituzten lanen arriskuaren berri eman.

Zubia egiteko Mazmela auzoko lurretan eskatu zion Bidegiri bere garaian autobideak kaltetutakoen elkarteak. Orduan baiezkoa jaso arren, gero ezezkoak etorri ziren, ez egonkorra izango litzatekeela argudiatuz. Horren aurrean, txosten geoteknikoa eskatu zion aditu talde bati Eskoriatzako Udalak. Harrituta geratu ziren txostenaren emaitzarekin. Aldundiaren proposamena oso arriskutsua zela zioen txostenak, euri asko egiterakoan lurjausiak egoteko arrisku handia egongo delako AP-1 autobidean. Gainera, zubia egitea gomendatu zuten adituok. Txostena Aldundiari aurkeztu zioten, baina erantzunik jaso ez zutenez, auzitegira jo zuten elkartekoek lanak geratzeko eskatuz. Epaileak, errekurtsoa onartu arren, lanak ezin daitezkeela geratu esan zien gastu handia suposatuko lukeelako. Hala bada, lanokin aurrera egingo dute eta zubiaren ordez lurrez beteko dute Mazmelako zuloa gainean autobidea egiteko. Pedro Lasagabasterren esanetan gastuak murriztea bakarrik gura du Aldundiak, segurtasuna kontuan hartu barik.

Kezkarekin batera haserrea nagusitu da elkartekoen artean. Izan ere, Bidegiren jarrera asko aldatu dela azken urtean diote. Elkarlanean jarduteko konpromisoarekin ahaztu, eta gainera, jarrera eskasa agertzen dute Bidegiko arduradunek Pedro Lasagabasterren esanetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak