Herrian egiten diren hamar elkarrizketetatik hiru baino gehiago euskaraz egiten dituzte. Hori ondorioztatu du Klusterrak egindako azterketak. Apirileko hiru egunetan egin dituzte neurketak, eta behaketa sistema erabili dute. Hau da, ez diote inori galdeketarik egin, eta inor konturatu barik, herritarrek zer hizkuntzatan berba egiten duten jaso dute.
Neurketak herriko hiru zona nagusietan egin dituzte: erdigunean, Goikokale eta Dorleta inguruan eta San Pedro auzoan. Horrez gain, azokara eta Unibertsitate ingurura ere jo dute.
Biztanleen %51 neurtu dute, hau da, 1.949 lagun. Erdigunean eta Goikokalen erabilerak gora egin du. San Pedro auzoan, berriz, erabilerak behera egin du.
Adin taldeei dagokionez, honako emaitzak batu dituzte: umeen %47k erabiltzen dute, gazteen %39k eta helduen %22k, hain zuzen ere. Gazteek apur bat behera egin dute. Beste guztiek, berriz, gora egin dute.