Autobideko lanek eguneroko bizimoduan asko eragin die Apotzagako auzotarrei. Orain dela hilabete inguru hasi ziren autobideko lanak, eta hainbat eragile batu zaizkie: autobideak Apotzagarako bidea zeharkatuko du; apur bat beherago autobidearen sarrera egingo dute; eta Apotzagan hondakindegia ipini dute. Guzti horren ondorioz, sarritan bidea moztuta izan dute.
Horrek guztiak sutan jarri ditu auzotarrak, eta joan den astean protesta egin zuten: goiz osoan errepidea moztu zuten. Euren esanetan, Aldundiko Bidegi erakundeak agindu zien bide alternatibo bat egingo zuela.
Azkenean, Bidegiren erantzuna heldu ezean, Udalak hartu du bide hori egiteko ardura. Martitzenean hasi zituen lanak, eta bi astetan bukatuko dituzte. Apotzaetxebarritik barrena izango du ibilbidea.