Hiltegia ixtea kaltegarria dela ondorioztatu dute

Azken bi egunotan egin dituzte Zubillagako hiltegiaren gaineko jardunaldiak Eskoriatzako Ibarraundi Museoan. Bi saioetan esku hartu dutenek ondorioztatu dute Zubillagako hiltegia ixtea kaltegarria izango dela ibarreko baserritar, abeltzain eta harakinendako.

Zubillagako hiltegia mintzagai izan da azken egunotan Eskoriatzan. Ibarraundi museo eskolan eginiko jardunaldietan zenbait baserritar, harakin, abeltzain eta adituk esku hartu dute.

Eneko Egibar albaitaria eta Pedro Lasagabaster ganaduzalea izan ziren atzo solasean. Adierazi zuten, hiltegia ixtea kaltegarria izango litzatekeela sektorearendako eta haragi kontsumitzaileentzat. Zenbait harakin ere hiltegiaren alde agertu ziren, ganadua alde batetik bestera garraiatzean kalitateak ere behera egiten duelako.

Instituzioetako ordezkaririk ez da izan jardunaldietan

Orohar jardunaldi arrakastatsuak izan badira ere, baserritarrak haserre agertu dira instituzioetako ordezkariekin. Iragarrita zegoen Jaurlaritzako eta Diputazioko ordezkariak izango zirela jardunaldietan eta ez dira agertu. Horren ondorioz, baserritarren galdera asko erantzunik gabe geratu dira.

Bi saioak jendetsuak izan dira

Lehenengo saioan ehundik gora baserritar, harakin eta sektoreko beste zenbait lagunek parte hartu zuten. Bigarrenean ere jende asko gerturatu zen Ibarraundi baserrira.

Astelehenean ikerketa lana jasoko dute hiltegiaren aldeko plataformakoek

Zubillagako hiltegiaren etorkizunaren gaineko eztabaidak jarraituko du datozen egunetan. Izan ere, astelehenean ikerketa lana jasoko dute hiltegiaren aldeko plataformakoek. Bideragarritasun plan hori aztertzeko eta Mankomunitateari helarazteko epea izango dute apirilaren 30a arte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.