Eskoriatzako Udalak 22.429 euro banatuko ditu gobernuz kanpoko bost erakunderen artean. Urtero ematen die horrelako erakundeei dirulaguntza. Aurten Mundu Solidarioa Helburu, Boheri, Txiapasekin Elkartasuna euskal plataforma, Debagoieneko gobernuz kanpoko erakundeen partzuergoa eta Atxorrotx dira laguntza jasoko duten erakundeak. Horietatik bakarra da eskoriatzarra; Atxorrotx, hain zuzen ere.
Guztira 8.626,54 euro jasoko du herriko erakundeak eta diru gehien eskuratuko duena izango da hala. Udaletik aditzera eman dutenez, bi arrazoi daude horretarako. Batetik, aurkeztu den herriko GKE bakarra da; eta bestetik, Atxorrotxeko kideek ez dute beste inon dirulaguntzarik eskatu. Diruarekin, Montevideoko (Honduras) San Jose komunitatean hainbat etxe egin gura dituzte. Hogei eraikin guztira, bloke eta teilatuak dituzten etxebizitzak. Baina ez dituzte eurek egingo etxeak. Dirulaguntzarekin etxeak eraikitzeko materiala erosiko dutela eman dute aditzera. Gainera, igeltsero profesional bat kontratatuko dutela azaldu dute Atxorrotxekoek. Etxearen jabeak laguntzeko xedea izango du, egoitzak nola eraiki erakusteko, hain zuzen ere. San Jose komunitatean bizi diren 60 familia Eskoriatzako Atxorrotx elkartearen proiektuaren onuradunak izango dira datuen arabera.
Gainerako erakundeak
Mundu Solidarioa Helburu eta Boheri erakundeek 1.725,31 euroko laguntza jasoko dute. Txiapasekin Elkartasuna euskal plataforma eta Debagoieneko gobernuz kanpoko erakundeen partzuergoari 5.175,93 euro emango dizkiete bakoitzari.
Guztira, baina, hamar erakundek eman zuten izena dirulaguntza jasotzeko. Ez dute guztiek eskuratu dirua; baldintzak betetzen ez dituztelako bost erakunde geratu dira laguntza jaso barik.