Trikitiarekin eta publikoarekin jolasean aritu zen Kepa Junkera

Musikarekin hartzen duen gozatua transmititu zuen Junkerak kontzertuaren hasieratik beretik. Entzuleak kontzertuan inplikatzea lortu zuen, hitzik esan gabe hainbat erritmo joko proposatuz.

Eszenatokia ilun zegoen Eskoriatzako kiroldegian. Iluntasun horretan zortzi itzal ikusi genituen mugitzen. Laster hasi zen musika. Txalaparta, alboka, gitarra eta trikitia. Lehen kantua erdi ilunpean egin zuten Kepa Junkera eta bere lagunek. Hura amaitutakoan ikusi genituen argi eta garbi oholtza gainean ari ziren musikariak.

Aspalditik ondoan dituen musikariez gain, txalapartarekin Oreka TX taldeko kideak, albokarekin Juan Garmendia eta perkusio-tresnekin Iñaki Plaza izan zituen bidelagun kontzertu honetan Kepa Junkerak. Junkera frontoi baten entzutea ez da aukerarik egokiena, baina argi gelditu zen egubakoitzeko kontzertuan publikoak gozatu handia hartu zuela.

Oihartzun handia zegoen frontoian, eta baxua bereziki gaizki entzuten zen, baina baldintza akustikoak egokienak ez direnean, Junkerak badaki hori nola konpentsatu.

Denekin jolasean

Eskoriatzako kontzertua, musika emanaldia izateaz gain, begietarako ikuskizuna ere izan zen.

Oreka TXeko bi txalapartariek barruan zeukaten guztia eman zuten. Txalapartako taulak errebote egiten ikusi genituen, kolpe indartsuen eraginez. Kontzertu amaieran, gainera, arbelezko txalaparta astintzen ikusi genituen bi musikariak. Ezkila txikiek egiten duten doinua antzeman genuen. “Ez da hemengo arbela”, azaldu ziguten kontzertu amaieran. “Lagun batek ekarri zuen kanpotik. Probatu egin genuen eta gustatu egin zitzaigun”, gaineratu zuten.

Junkera, berriz, jolasean aritu zen. Sei trikitiz inguratuta, erritmoekin, doinuekin, eszenatokian lagun zituen musikariekin eta publikoarekin egin zuen jolas. Hitzik esan gabe, zenbat gauza transmititu daitekeen! Kontzertuak ia bi ordu iraun zuen.

Hamabosgarren minuturako, txaloka zituen entzuleak. Amaierarako, bat baino gehiago zutik zen, saltoka.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.