Urriaren 4an hasi ziren capoeira eskolak. Portugesek Afrikatik Brasilera eramandako esklaboek sortua, musika eta dantza nahasten dituen mugimendu erritmikoz osatutako borroka-artea da capoeira. Igor Ezpeleta eskoriatzarra da irakaslea. Urte eta erdi darama Igorrek kirol hau praktikatzen. Edinburgora joan nintzen. Ordura arte, futbola praktikatzen nuen, baina han ez nuen talderik aurkitu. Egun batean capoeirari buruzko kartel bat ikusi eta izena ematea erabaki zuen. Orduan hasi zuen bere bizitza nolabait aldatu duen abentura hau. Astean hirutan ematen ditu eskolak. Astelehen eta eguaztenetan 19:15etik 21:00etara; eguenetan, berriz, 10:30etik 12:00etara. Besteak beste, Eskoriatza, Gatzaga, Arrasate, Bergara, Azkoitia eta Elgoibarko 20 pertsona inguru dabiltza ikasten.
Poliki-poliki ikasten den borroka-artea da. Zaila dirudien arren, edonork praktika dezake. Taldean 15 eta 40 urte bitartekoak daude eta beste talde askotan 5 urteko umeetatik hasita 60 urte artekoak ere ikusi ditut, azaldu du Igorrek. Oinarrizko mugimenduak ikasten dituzte; eskola amaieran roda izenez ezagutzen den borobil bat egiten dute. Binaka irteten dira erdira ikasitakoa praktikan jartzeko. Funtsezkoa da, mugimenduak jakin arren borrokan zabiltzala ez dakizu nola erantzungo duzun-eta. Gorputz mugimenduek istorio bat kontatzen dute, eta bai abesti eta baita instrumentuek ere garrantzi handia dute.
Capoeiraren historia
XVI. mende inguruan azukre-kanabera uztetan lan egiteko Afrikatik Brasilera esklabo mordoa eraman zituzten. Esklaboen askatasun beharraren aurrean, capoeiraren lehen arrastoak agertu ziren. Senzalasetan esklaboak bizi eta lo egiten zuten tokia hasi ziren. Dantzetan ezkutatzen zuten borroka, euren zaintzaileek debeka ez zezaten; halaxe dio kondaira batek bederen. Esklabotza desagertuta, morroi izandakoak hirietara joan ziren. Ez zuten gizartean euren tokia aurkitzen eta ondorioz, lapur eta hiltzaile bihurtu ziren asko; capoeiraz baliatzen ziren gura zutena lortzeko. Hala, izen txarra hartu zuen capoeirak eta debekatu egin zuten. Errepublikako kode penalak praktikatzen zutenei hiru hilabeteko kartzela zigorra ezartzen zien. Asiatik mundu osora zabaldutako borroka-arteek indarra hartu, eta capoeirari buruz zegoen ikuspegi okerraz jabeturik, Manoel Dos Reis Machado edo Mestre Bimbak eskualde-capoeira sortu zuen. Kiroltasuna du ezaugarri nagusi eta ez horrenbeste maltzurkeria. 1953. urtean debekua altxatu zuten, eta capoeira praktikatzeko askatasuna eman zien orduko Gobernuak brasildarrei.
Etorkizuneko asmoa
Talde sendo bat sortu eta Edinburgon ikasi zuen taldearekin trukea egin gurako luke Igorrek. Horretarako aukera dagoen denborarekin ikusiko dute.Polita izango litzateke beste toki batzuetako jendea etortzea, eman du aditzera Igorrek. Dantzari egunaren antzerako zerbait sortzea da epe luzeko asmoa. Kultura berriak nahastea interesgarria dela uste dut-eta, azaldu du.