Perretxikozaletasuna sasoi-sasoian hartu dute eskoriatzarrek

Marijo Deogracias 2004ko urr. 18a, 10:59
Luis Ezeiza ikastetxeko umeek ondo baino hobeto pasatu zuten perretxikoak hartzen. Zapatu arratsaldean egin zuten perretxikoen sailkapena. Domekan, erakustaldi bikaina osatu zuten.

Euria gogotik egin zuen arren, ume talde polita elkartu zen zapatu goizean Gorosarri plazan, Luis Ezeiza guraso elkarteak antolatutako perretxiko bilketara joateko. “Hogei bat ume etorri da eta pozik egoteko modukoa da hori, dagoen eguraldia ikusita”, aitortu zigun elkarteko presidente Rafa Salidok.

Dorletako Amaren pareko bidean gora egin eta autoak laga ostean, pinu, haritz eta pago artean ibili ginen, zume-otzarak aldean. “Aita, ikusi hau!” zioen batek; “aita, begiratu honi!”, besteak… Azkenean eramandako saski guztiak bete zituzten txikienek, eta bat edo beste penaz ere geratu zen gehiago sartzen ez zelako. “Topatu ditugun perretxikoetatik lagin bana ekarri dugu gero sailkapena egin eta domekan erakusteko”, azaldu zigun gurasoetariko batek.

“Orain hiru urte hasi ginen honekin eta umeek ikasi dezaten nahi dugu”, esan zigun beste batek. Izan ere, horixe izan zen Luis Ezeiza guraso elkarteak antolatutako ekimenaren helburua: “perretxikoen inguruan gehiago ikastea, eta mendira bila goazenean, beroiek batzen eta zertara goazen jakitea. Gurea ez da ahalik eta gehien batu eta, gero, guztiak jan ezin ditugulako banatzen hastea; hobe izaten da behar dituzunak bakarrik jasotzea; hartara, hurrengo zatozenean batzeko aukera izango duzu”, esan zigun perretxikozale gazteenaren aitak.

Berak batu behar izan zuen umeak ikusten zuen guztia; izan ere, Mikelek, bost urteko perretxikozaleak, ikusten zuen dena jaso nahi zuen, zer zen jakin nahian, eta nola hartu bazekiela ere erakutsi zigun; ikasle fina!

Asteburu borobila

Zapatuko perretxikotarako irteera aurretik, berbaldia ere izan zuten eskoriatzarrek. “Perretxikotara irteteko orduan jakin beharrekoaz jardun zuen perretxikozaleen Laudio elkarteko kide batek”, esan zigun Luis Ezeiza elkarteko Sabinok. “Benetan berbaldi bikaina izan zen, oso interesgarria. Bi orduz aritu ginen han, eta berandutu zitzaigulako, bestela…”

Domekan, aterik, erakusketa eta perretxiko-dastatzea egin zuten Gorosarri plaza ondoan. Laudiotarrek egindako lau pintxo, bi euro. Gozoak, zinez!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak