Udalak Eskoriatzako Herria Ikerketa Bekarako deialdia egin du. Bekaren funtsa da herriko argazki zaharrak bildu, inbentarioa egin, katalogatu eta digitalizatzea. Argazkiek historia kontatzen laguntzen dutela aintzat hartuta, Udalak beka kaleratu du; herriaren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz arduraturik plazaratu du laguntza.
Lan hori banaka edo taldeka egiteko aukera egongo da. Lantaldea osatuz gero, proiektuaren zuzendari-arduradun bat izendatu beharko litzateke. Hala ere, guztientzat baldintza bera jarri du Udalak: hain zuzen, elkarrizketa eta dokumentazio lanak euskaraz egiteko gaitasuna izatea.
Interesatuek urriaren 11tik 26ra, Eskoriatzako alkateari zuzendutako eskaera orriarekin batera, curriculuma, lana nola egingo luketen adierazten duen memoria bat eta nortasun agiriaren fotokopia eraman beharko dituzte.