Intxaurtxuetako etxebizitza sozialetako lanak ikusten izan da Javier Madrazo

Goiatz Arana Begiristain 2004ko irailaren 20a

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako sailburu Javier Madrazo Eskoriatzan izan da gaur, Intxaurtxueta auzoan egiten dabiltzan etxebizitza sozialak ikusten. 16 izango dira guztira; 3 Udalaren esku geratuko dira, eta gainerako 13ek badute jabea.

Iazko abenduan hasi zituzten Eskoriatzako Intxaurtxueta auzoan 16 etxebizitza sozial eraikitzeko lanak, eta gaur lanak nola doazen ikustera etorri dira hainbat politikari, horien artean, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako sailburu Javier Madrazo. Egiten dabiltzan 16 pisuok alokairu sozialeko etxebizitzen premian dauden familien beharra aseko dutela azaldu du Madrazok. Horietatik 11k hiruna gela dituzte, eta gainerako 5ek bina. Guztiek dituzte garajea eta trastelekua, eta bat gutxitu fisikoentzat egokitua dago. Eusko Jaurlaritzak 1,6 milioi euro bideratu ditu eraikuntza honetara, eta 2006 urte hasierarako amaituta izatea aurreikusten da.

BIZIGUNE programa

Madrazok etxebizitzak eraikitzea positibotzat jo duen arren, horrekin ez dela aski gaineratu du. Dagoeneko eraikita daudenen artean askok urtebete baino gehiago hutsik daramatela azaldu du, eta horri irtenbidea eman behar zaiola. Arazo horri aurre egiteko asmoz, hain zuzen, BIZIGUNE programa jarri zuen martxan Eusko Jaurlaritzak orain urtebete pasatxo. Etxebizitzen beharra hain handia den garaiotan, hainbeste pisu hutsik egotea onartezina dela azaldu du Madrazok, eta arazoari aurre egiteko asmoz abian jarritako BIZIGUNE programak orain arte emaitza onak eman dituela gaineratu du: urte bete inguruan, 2 mila etxebizitza baino gehiago eskaini dizkiete. Horietatik 1600 dagoeneko sartu dituzte programan, eta ugazabekin kontratuak firmatzen dabiltza orain.

Abantailak ugazabentzat eta maizterrentzat

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako sailburuaren aburuz, programaren arrakastak ugazabentzat nahiz maizterrentzat abantailak izatean datza. Ugazabari kontratua zuzenean Eusko Jaurlaritzarekin sinatzeko aukera eskaintzen diote, hileroko errenta zuzen jasoko duela eta etxebizitza baldintza onetan itzuliko zaiola ziurtatuz. Maizterrari kobratzen dioten alokairu sozialak ezin du inoiz bere diru-sarreren %30a gainditu. Hala, 235 euro inguruko alokairua kobratzen diote hilero, eta etxearen jabeari 560 bat euroko errenta ordaintzen. Diferentzia Eusko Jaurlaritzak berak ordaintzen du.

Orain arte programa bide onetik doan arren, Etxebizitza sailekoak Udal ezberdinekin jarri dira harremanetan, beraien laguntzarekin emaitzak are hobeagoak izan daitezkeelakoan. Udalek lan ezberdinetan lagun diezaieke eta, zentzu horretan, Eskoriatzakoak egindako lana txalotu du Javier Madrazok, dagoeneko egin baitu herrian hutsik dauden etxebizitzen errolda.

Eskoriatzan etxebizitza bat izan nahi dutenak ia 800 dira, erosi egin nahi dute ia denek, eta alokairuan hartu gainerakoek. Izena emandakoetatik herrian bertan erroldatuta daudenak 140 dira. Eskaerari erantzuteko ahaleginak egingo dituztela aurreratu du Madrazok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak