Eskoriatzako kaleak postuz eta jendez bete ziren zapatuko ferian

Eneida Iturbe 2004ko eka. 7a, 10:40
Sari ugari banatu zituzten ferian: posturik onenak eta txorimalo onenak aukeratu zituzten. Harri-zulatzaileen erakustaldia egin zuten eguerdian; hala, aspaldiko herri kirola berreskuratu zuten.

Arizmendi Ikastolak zortzigarren urtez antolatu zuen Eskoriatzan Ferixie. Zapatuan egin zuten, eguraldi ona lagun zutela. Ez da berria hori, izan ere, urtero eguraldi hobe ezina izan dute azoka egunean. Giro onak eta Ferixiek eskaintzen dituenak animatuta jende asko ibili zen Eskoriatzan. Etxafuegoek eta txistulariek eman zioten hasiera feriari zapatu goizean, eta, hala, egun guztia iraungo zuen festa hasi zen.

Baserriko produktuak, artisautza, tresneria eta bestelako produktuak saltzen zituzten 87 postu jarri zituzten Eskoriatzako kaleetan. Animalia bereziak ere ikusteko aukera izan zen. Mapatxeak, usapalak, agutiak, kanguruak... denetarik zegoen. Bestalde, umeendako txokoa jarri zuten herriko plazan. Puzgarrietan ibiltzeko eta eskulanak egiteko aukera izan zuten bertan gaztetxoek. Azoka ikusten gosetu zirenek bi aukera izan zituzten: elizpeko postuan taloa jan edo herri bazkarira joan. Frontoian egin zuten bazkari hori eta 330 lagun elkartu ziren. Kafearen ostean, dantzaldia izan zuten.

Postuak saritu zituzten

Eguerdi partean posturik onenak aukeratu eta saritu zituzten. Eskoriatzarren artean Jose Mari Arkauz turroigilea eta artilea lantzen duen Maximo Lezeta saritu zituzten. Orokorrean, berriz, Xabier Iturrioz Zapa zapataria. Txorimalo lehiaketa ere egin zuten. 122 lagunek hartu zuten parte eta 26 txorimalo egin zituzten. Nagusien laguntzarekin egindako txorimaloen artean Mendelak izenekoak eraman zuen saria eta nagusien laguntzarik gabe egindakoen artean Pipilarregik. Txorimalo bereziena ere aukeratu zuten: Lam.

Erakustaldi berezia

Erakustaldi berezia egin zuten Eskoriatzan: harri-zulatzaileena. Duela 80 bat urte arte herri kirola omen zen hori, egun Bizkaiko hainbat herritan kirol hori berreskuratu nahian dabiltza. Hala, harri-zulatzaile taldeak sortu dituzte. Eskoriatzan Arboledako eta Errekatxoko taldeak izan ziren elkarren kontra lehian. Proba 20 minutuan nork harri gehien zulatu izan zen. Zuloak egiteko 2 metro eta 12 kiloko bara erabili zuten, eta 10-12 zentimetroko zuloak egin zituzten. Talde bakoitzean hiru lagun ibili ziren lanean eta laugarren batek botilero jardun zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak