Euskara bultzatu nahirik, Luis Ezeiza ikastetxeko zenbait guraso, seme-alaba eta irakasle Iparraldean izan ziren maiatzaren 29an. 176 lagun joan ziren,eta guztiak euskal giroan murgilduta zapatu-pasa egin zuten. Euskal Herria eta bertako kultura ezagutzeko parada eman die txangoak. Baina batez ere, seme-alabek gurasoak euskal giroan murgilduta ikusteko egin zuten bidaia.
Sarara joan ziren, eta bertako kobak bisitatu zituzten. Lau txanda zeuden leizeak bisitatzeko, bi euskaraz, eta bi gazteleraz. Nahiz eta euskaraz ez dakiten gurasoak asko izan, euskarazko txandan sartu ziren gehienak seme-alabekin batera. Guraso elkartearentzat interesgarria da seme-alabek gurasoak hizkuntzara gerturatzen ikustea.
Kobak eta inguruak ikusi ondoren, Larrun aldera joan ziren. Bertan bazkaldu ondoren, kremailera-trena hartu eta 905 metrotako mendira igo ziren. Bertatik, gure herriaren mugak eta edertasuna ikusi genituen, adierazi dute guraso elkartetik.