Bostehun lagun inguru elkartu ziren atzo Aitzorrotz Eguna ospatzeko

Zuriñe Velez de Mendizabal 2004ko mai. 3a, 11:00
Debagoiendar ugari gerturatu zen Eskoriatzara Aitzorrotz Eguna ospatzera. Goizean mendira igo eta arratsaldez, dantzaldia eta tortilla jana egin zuten herriko plazan.

Aitzorrotz Eguna ospatu zuten atzo, eta mendira joateko eguraldi aproposena ez egin arren, oso giro polita sortu zen. Goizeko lehenengo orduetatik ibarreko jende ugari hurbildu zen bertara. Adin guztietako jendea elkarrekin egun berezia ospatzen. Guztira bostehun bat lagun elkartu ziren.

Antolatzaileen esanetan, eguraldiak animatu zuen jendea Aitzorrotzera igotzera. “Oso garrantzitsua da eguraldiak laguntzea”, gaineratu zuten.

Giro bikaina

Goiztiarrek meza entzuteko aukera izan zuten. Ondoren, beheko zelaian Mañukorta eta Azpillaga bertsolarien eta Jon Ansoregi eta Andoni Larrañaga trikitilarien doinuek giroa alaitu zuten. Askok salda beroa edan eta pintxoak jan zituzten. Beste batzuek Aitzorrotzera heldu orduko ermitara gerturatu eta, ohitura den legez, kanpaia jo zuten.

Guztira, 500 bat lagun animatu ziren Aitzorrotzera igotzera. Batzuk goiz-pasa bakarrik joandakoak ziren; beste batzuk egun osoa igarotzera joandakoak. “Bertan bazkaldu gura genuen, baina badirudi eguraldiak okerrera egingo duela, eta etxera joatea erabaki dugu”, adierazi zigun, esaterako, Arrasateko mendizale batek. Eta askok egin zuten hori atzo.

Gazte eta ez horren gazte direnak elkartu ziren atzo Aitzorrotzen. Batzuk bizikletaz igo ziren bertaraino. Hala ere, jende gehiena oinez igo zen. Bazkaltzera geratu zirenen menua biribilkia saltsan, postrea, edariak, kafea, pattarra eta purua izan zen. Indarberritu ondoren, nork bere bidea jarraitu zuen. Eskoriatzara jaitsi zirenek Kaixo taldearen eskutik dantzaldia izan zuten herriko plazan. Gainera, hainbat herritarrek eginiko patata-tortillak dastatzeko aukera egon zen.

Bi talderentzako dirua

Izan ere, jasotako dirua Atxorrotx gobernuz kanpoko erakundearentzat eta Eskoriatzako gutxitu fisiko eta psikikoen elkartearentzat izan zen. Mendian jarritako txosna, bazkari txartelak eta patata-tortillak salduta lortu dute dirua. Norberaren proiektuak aurrera eramateko baliatuko dute jasotako dirua, eta datozen urteetan ere jendeak berdin erantzutea espero dutela adierazi digute antolatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak