Eibar-Gasteiz autopistak kaltetutako eskoriatzarrak Donostian

Amagoia Lasagabaster 2004ko api. 26a, 20:32
Gaur, hilak 26, amaitu zaie eskoriatzarrei autopistaren proiektuaren aurkako alegazioak aurkezteko epea. Egungo egoeraren berri emateko, kaltetutako elkarteko kideek prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean, Donostiako Koldo Mitxelena kultur gunean. Ekitaldian, 40 bat eskoriatzar izan dira.contributors:

Azken aldiko tentsioak, momentu hunkigarriak eragin ditu gaur goizeko prentsaurrekoan. Batzutan inpotentziak eraginda, eta bestetan nekeak, kaltetuek pena handiarekin hitz egin dute Donostian. Batik bat azpimarratu dute, ez dutela ulertzen Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera.

Edonola ere, kaltetutakoen elkartekoek eta Eskoriatzako udal ordezkariek kementsu salatu dute, Udalean aurkeztutako ibilbidearen arabera, Eibar-Gasteiz autopistak Eskoriatzan eragingo dituen kalteak.

Prentsaurrekoan esan dute diputazioak aurkeztutako azken trazatuan funtsezko aldaketak egin dituztela, eta aldaketa horiek ikaragarrizko eragin negatiboa izango dutela. Behin betiko okupazioen gehikuntza, aldi baterako okupazio berriak, ganadu ustiaketan eragin larriak… Kalteak, gainera, herrian zein auzoetan nabarituko dituztela aipatu dute.

Eta hori guztia gutxi balitz, proiektu horri alegazioa aurkezterako orduan, oztopoak aurkitu dituztela adierazi dute. Horietako bat alegazio horiek aurkezteko epe murritza. Berez, gaur, hilak 26, amaitzen zitzaien epe hori. Goizean, hala ere, diputaziokoekin batu dira eta horiek, hitzez besterik ez bada ere, hamabost egun eman dizkie alegazioak osatzeko. Ezer gutxi, kaltetuen esanetan.

Gauzak horrela, egoeraren berri komunikazio desberdinei emateko asmoz, prentsaurreko zabala egin dute. Hurrengo pausua zein izango den oraindik ez dute argi, baina, honek jarraikortasuna izango duela esan du autopistak kaltetutako kide batek, Pedro Lasagabasterrek.

Prentsaurrekoa amaitzeko argi utzi gura izan dute, ez daudela autopista egitearen aurka. Oraingo trazatuaren aurka baizik. Kaltetuen esanetan, badago-eta, horrenbeste kalte egin barik, autopista egiteko aukera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak