Hogeita sei urte Urdelardero ospatzen

Zuriñe Velez de Mendizabal 2004ko ots. 20a, 12:03
Iritsi dira Inauteriak aurtengoan ere. Mozorrotzeko eguna jende askorentzat. Duela 26 urte, jai horiek iragartzen dituen ekimena egiten hasi zen Eskoriatzan. Urdelardero eguna da hori. Atzo, otsailak 19, izan zen Urdelardero eguna.

Urdelardero eguna duela 26 urte hasi zen ospatzen. Inauteriak gainean ditugula adierazteko balio digun ospakizuna da. Egun hori ospatzen hasi zirenean, herriko gazteak baserritar jantzita etxez etxe joaten ziren abesten. Trukean, jendeak txerrikia ematen zien kantari gazteei, eta eskuetan eramaten zituzten ziri edo makiletan sartzen zuten jana.

Egun horrek badu bere esanahia. Lardero hitza latinetik dator, eta koipea esan gura du euskaraz. Egun horretan txerrikia zergatik eskatzen zen jakiteko, Aratusteen ondorengo datari begiratu behar zaio. Kristautasunak era guztietako penitentzi, sakrifizio, zigor eta barauz osatutako denbora-tartea ezarri zuen, Garizuma, alegia. Horren aurretik, oreka bilatu guran, Inauteriak ospatzen hasi ziren, Garizumaren esanahiaren aurkako ekintzez osatzen zirenak. Horrela, ulergarri egiten da haurrak txerriki eske irtetea. Hala ere, gauzak aldatuz joan dira, eta gaur egun, txerrikia barik, gozokiak jasotzen dituzte trukean herriko gazteek.

Aurten ere ospatu da

Aurtengo Urdelardero eguna herriko ikastetxeetako haurren kalejira batekin hasi zen. Ekitaldia amaitzerakoan, eguerdi aldera, plazaraino joan eta tripa betetzeko aukera izan zuten hara gerturatutakoek, txistorra jan zuten-eta.

Arratsaldez ere umeek izan zuten zer egin. Azkona taldearen eskutik umeentzako jaialdia prestatu zuten antolatzaileek, eta primeran pasa zuten gaztetxoek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak