Lehen ere bazituen Udalak arauak, baina hiru puntu zehaztu gura izan dituzte arduradunek: txabolaren gehieneko neurriak zehaztu, eskaera egiteko prozedura jaso eta isunak jartzeko arauak sartu.
Txabolaren neurriak
Txabola bat egin gura duenak, asko jota, 15 metro koadrokoa egin ahal izango du aurrerantzean. Txabolaren kanpoko azalerak, eta ez barrukoak, izan beharko du gehienez 15 metro koadro. Izan ere, lehen, barruko azalera izan zitekeen 15 metro koadrokoa. Orain, berriz, ez, esan digu alkate Juan Carlos Bengoak. Nekazaritza lanetarako bakarrik erabiliko den txabola egin ahal izateko gutxienez 500 metro koadroko lursaila izan beharko du interesatuak.
Eskaerak udaletxera
Eskaera egiteko prozedura ere jaso du ordenantza horrek. Udaletxean eskaera egiteko ekarri beharreko dokumentazioa zehaztu dugu. Aparejadore baten lana beharrezkoa izango da. Eta gauzak ondo egin ezean, isunak jartzeko arauak zehaztu ditu herriko udalbatzak.
Hala, ordenantza hori osoko bilkuran onartu ostean, jendaurrean jarri dute udaletxeko bulego nagusian, herritarrek azter dezaten eta gura duenak iradokizunak egin ditzan.