Aurreko legealdian hasi zen Eskoriatzako Udala energia garbi eta berritzailea erabiltzeko proiektuak aztertzen. Intxaurtxuetako kiroldegia aukeratu zuten eguzki-xaflak jartzeko. Eraikinak baldintza guztiak betetzen dituela ikusi, eta lanak hasi zituzten iazko udazkenean. Bi instalazio mota jarriko dituzte:
- Kiroldegian erabiltzen duten ura berotzeko izango da lehena. 16 eguzki-xafla jarri eta 80 mila euro gastatuko dituzte horretarako.
- Bigarren instalazioa argindarrarentzako izango da; 6 xaflarekin eta 40 mila euroko inbertsioarekin aski izango da.
Instalazio hauen bitartez lortutako energia baliagarria izango da, baina ez ditu kiroldegiko beharrak aseko.
Dirulaguntzak
Eskoriatzako Udalak Madrilgo IDAE eta Euskal Autonomia Erkidegoko E.E.E. erakundeetatik jaso du lanak egiteko dirulaguntza. Energia berritzaile eta alternatiboen inguruan lan egiten dute bi erakundeok, eta inbertsio totalaren erdia ordainduko dute.
Eskoriatzako Razkin enpresa ari da eguzki-xaflak jartzen eta, alkatearen esanetan, otsailaren azken asterako amaituko dute.