Maialen Lujanbiok Bertso Txapelketako finalerako bidea hartu zuen Eskoriatzan

Maialen Lujanbio nagusitu zen joan den Azaroaren 16an, Eskoriatzan jokatu zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen finalerdian. Herritar asko hurreratu ziren Eskoriatzako kiroldegira saioa ikustera, eta bertsolariek saio polita eskaini zuten.

Maialen Lujanbiok 511 puntu lortu zituen Eskoriatzan jokatu zen lehenengo finalerdian. Aitor Mendiluzek baino bi puntu eta erdi gehiago, hain zuzen. Adituen esanetan, andoaindarra Lujanbio baino hobeto ibili zen bertsotan, baina kartzelako lanean poto egin zuen, eta ondorioz, Irunen abenduaren 14an egingo den finalerako zuzenerako txartela galdu zuen.

Saio polita eta jende asko

Eskoriatzako kiroldegira hurreratutako jendeak saio politaz disfrutatu zuen. Eskoriatzar ugari eta kanpotik etorritako bertsozale asko batu ziren kiroldegian. Lehiarako gogoa erakutsi zuten bertsolariek, eta saio bikaina eskaini zuten. Esan bezala, Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze ibili ziren txukunen. Hernaniarra urduri samar hasi zen, baina segituan konfiantza hartu eta sasoiko dagoela erakutsi zuen. Bertso sorta ederra eman zuen hasiera-hasieratik lana amaitu arte. Aitor Mendiluzek ere lan bikaina egin zuen domeka arratsaldean, baina kartzelako gaian egindako poto baten erruz bigarren lekuan gelditu zen andoaindarra. Amaia Agirre ere txukun baino txukunago aritu zen eta ederki gozatu zuen bertsotan. Arkaitz Goikoetxeak, berriz, gorabehera gehiago izan zituen arren, saio polita eta ona egin zuela esan zuten adituek. Bestetik, Estitxu Eizagirrek eta Bixente Gorostidik ere irristadaren bat edo beste izan zuten arren, saio polita egin zuten.

Finala, Irunen, abenduaren 14an

Maialen Lujanbio finalean izango da abenduaren 14an. Eskoriatzan egindako saioak bidea zabaldu zion zuzen-zuzenean. Beste bi finalerdi falta dira, eta hortik aterako diren irabazleekin batera puntuazio onena duten beste bost bertsolari izango dira finalean; irailean hasitako Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak eman dituen zortzi bertsolari onenak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.