Martitzenean zabalduko dute Ahuntzen mendi lasterketarako izen-ematea

Larraitz Zeberio Lekuona

Ahuntzen lasterketa, iaz.

Martxoaren 20an jokatuko da, eta 'herrikrosa.eus' atarian eros daiteke dortsala. Aurten, motzagoa izango da nagusien lasterketa. Hamabost kilometroko distantzia izango du.

Martxoaren 20an jokatuko da Elgetako mendi lasterketa: Intxortako Ahuntzen Lasterketa. Seigarren aldia izango du Intxortako Ahuntzak Trail taldeak antolatzen duen lasterketak. Iaz, 280dik gora korrikalari aritu ziren lasterketa nagusian, eta 36, berriz, 12-16 urte arteko neska-mutikoendako antolatzen duten Antxumeen lasterketan.

Bai batean zein bestean izena emateko epea martitzenean, abenduak 1, zabalduko dute, eta dortsalak herrikrosa.eus webgunean egongo dira salgai, agortu bitartean. Antolatzaileek jakinarazi dute helduen lasterketarako 350 dortsal egongo direla eskuragarri, eta gazteen lasterketarako, 50.

Aldaketak ibilbidean

Ibilbideei dagokienez, aldaketak daude aurten. Lasterketa nagusiak, 16 urtetik gorakoentzat dena, azken edizioetan baino bost bat kilometro gutxiago izango ditu. 2022an jokatutako lehenengo edizioko ibilbide bera izango du: hamabost kilometroko luzera eta 900 metroko desnibela. Lasterketa plazatik abiatuko da, eta, San Roke kalean gora, Leposolotik Goikomendira abiatuko dira lasterkariak. Normalean, jaitsiera luzeenak lasterketa amaieran egoten dira, baina, Elgetakoan, lasterketa hasi eta segituan izango dute jaitsiera luzea. Handik zuzenean Aixolako presara jaitsiko dira, eta, presaren albo batean ibili eta gero, Erdella puntara igoko dira. Erdellatik jaitsi ondoren, Intxortako maldak izango dituzte zain lasterkariek, plazako helmugara iritsi aurretik. "Hamabost kilometroko ibilbidera itzuliko da Ahuntzen lasterketa, herritarrek hori eskatu dutelako eta kontuan hartuta denboraldi hasiera dela errazagoa delako hamabost kilometro egitera animatzea", azaldu du Intxortako Ahuntzak Trail taldeko ordezkari Iratxe Alonsok. 

Sumatuko da aldea; izan ere, azken urteetan 21 kilometro pasako luzera izan du lasterketak. Martxoan jokatu zen bosgarren eta azken edizioa, eta eguraldi petrala izan zuten korrikalariek. Bergarako Jokin Etxabe eta Zaldibarko Nora Narbaiza izan ziren ahuntz azkarrenak nagusien lasterketan. 

Antxumeen lasterketa

12-16 urte arteko gaztetxoentzat den Antxumeen lasterketak formatu berarekin jarraituko du. Lau kilometro eta 250 metroko desnibela izango du. Plazatik abiatu, Goikomendira igo, Larrabilburuko pistara jaitsi eta helmugara iristea izango da parte-hartzaileen egitekoa. Iaz Aritz Barbier donostiarra eta Alaitz Berasaluze arrasatearra nagusitu ziren. Emakumeen podiumean izan zen Araitz Ahedo Alcalde elgetarra.

Esker mezua boluntarioei

Izen-ematearen irekieraren eta aldaketen berri eman ostean, antolatzaileek eskerrak eman dizkiete babesleei zein antolaketa lanetan alboan izaten dituzten boluntario guztiei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak