Elgetako ostalariek pintxo bereziak eskainiko dituzte domeka eguerdian

Larraitz Zeberio Lekuona

Bolatokik, Haizeak, Janelak eta Maialdek hartuko dute parte Pintxo Egunean. EuskOrleans taldeak girotuko ditu kaleak.

Urteroko hitzordua da eta herritarrek "ondo" erantzuten dute. Hala, eskainiko dituzten pintxoen lanketan ari dira egunotan ostalariak. Herriko lau ostatuk izango dute eskaintza berezia: Bolatokik, Haizeak, Janelak eta Maialdek. Lola tabernak ez du aurten parte hartuko, lanak direla-eta itxita baitago.

Osagaien lehiaketa

Pintxo Egunak hainbat elementu izaten ditu, eta osagaien lehiaketa izaten da horietako bat. Aurten ere egingo dute. Hala, pintxoa dastatu ostean, osagaien zerrenda egiteko aukera izango dute bezeroek. Fitxa bete, eta ostatu bakoitzak prest izango duen kutxan sartu beharko dute bezeroek. Osagaiak asmatzen dituztenen artean 20 euroko bonu bana emango du taberna bakoitzak. Zozketaz aukeratuko dituzte sarituak.

Argazki lehiaketa

Argazkilaritza gustuko dutenek ere izango dute trebezia artistikoa erakusteko aukera. Udalak antolatutako argazki lehiaketa da, eta 11:00etan abiatuko da. Interesatuek udaletxeko arkupean eman beharko dute izena egunean bertan, eta 11:00etan jasoko dute argazki sorta egiteko lau gaien berri. Egunean bertan ateratako argazkiak aurkeztuko beharko dituzte. Epaimahai batek aukeratuko du sorta onena. Irabazleak herriko edozein komertziotan erabiltzeko 50 euroko bonua jasoko du.

Euskararen aldeko kanpaina

Elgetako Udalak eta tabernek bat egin dute Zuk eskatu, nik ulertzen dut kanpainarekin. Debagoieneko Mankomunitateak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin abiatutakoa da eta helburua da herritarrek tabernetan euskara erabiltzea. Herriko tabernetan ikusgai daude kanpainaren kartelak eta mahai-gainekoak. Domeka eguerdian, berriz, bi aktore ibiliko dira tabernaz taberna, jendea euskaraz eskatzera animatzen, umorea eta inprobisazioa ardatz hartuta. Photocall bat ere jarriko dute, argazkiak ateratzeko.

Sariak irabazteko aukera ere izango dute kanpainan parte hartzen duten herritarrek. Parte hartzeko "nahikoa da tabernan euskaraz eskatzea eta zozketa-txartela betetzea", azaldu dute antolatzaileek. Zozketa abenduaren 18an egingo dute. Irabazleen zerrenda Debagoieneko Mankomunitatearen webgunean argitaratuko dute.

Jazz eta Dixieland doinuekin

Musikak girotuko du Pintxo Domeka. Jazz eta dixieland estiloak uztartzen dituen EuskOrleans Dixie Band ibiliko da kalez kale, 13:00etan hasita. Musikari profesionalek osatzen dute taldea. Horien artean dira Luis Mari Moreno Pirata, Iñaki Dieguez, Igor Telletxea, Julen Izarra eta Mikel Valcarlos.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak