Gorka Hermosa: "Gure betiko trikitia: erdia bertakoa da, eta beste erdia, kanpotik etorritakoa"

Larraitz Zeberio Lekuona

Gorka Hermosa akordeoilaria. (Argazkilaria: Oscar Sanchez)

Trikitiaren sustraiak eta bilakaera ekarriko dituzte gogora domekan, 12:00etan, Espaloia kafe antzokian egingo duten emanaldi berezian. Gorka Hermosak (Zumarraga, 1976) egindako Hauspoa & tunela ikus-entzunezkoaren bitartez egingo dute, eta herriko askotariko musikarien eta dantzarien parte hartzearekin.

Urtebeteko ibilbidea du Hauspoa eta tunela ikus-entzunezkoak. Espero zenuten lortu duen oihartzuna?

Egia esan, ez, eta sekulako ilusioa egin digu. Iazko abenduan aurkeztu genuen, Donostian, eta, ordutik, zabalkunde itzela izan du. Nazioarteko askotariko zinema-jaialdietara heldu da dokumentala; bost kontinenteetako 34 jaialditara, hain zuzen ere. Nazioarteko sariak ere jaso ditu, hala nola AEBetako Georgiako American Motion Pictures Festivalen, Indiako Arjuntalako zinemaldian eta Argentinako Buenos Airesko jaialdian. Ez genuen espero.

Aste honetan bertan beste bi sariren berri jaso duzue, ezta?

Hori da. Hauspoa eta tunela saritua izan da Galiziako Cine de Roca jaialdian –hizkuntza ez galegoan sortutako dokumental onenaren saria jaso du– eta Asturiasko Festival Internacional de Cine de Tradiciones jaialdian, lehen sariarekin.

Ikus-entzunezkoa aurkezten duzuen herrietan, bertako taldeekin eta musikariekin egiten duzue ekitaldia. Elgetaren kasuan, zer prestatu duzue domekarako?

Emanaldia 12:00etan hasiko da, eta zazpi bloketan zatituko dugu dokumentala. Horien artean dokumentalarekin zerikusia duten piezak joko ditut, eta lagun izango ditut eszenatokian Elgetako hainbat musikari eta dantzari. Besteak beste, izango dira Patxi Monteroren dantzariak, Elgetan bizi diren Adrian Garcia eta Estefania Beceiro tronpa-joleak eta Lorea Larrañagaren piano eta gitarra ikasleak. Aurretik, Adolfo Jainagaren trikiti eskolako ikasleek kalejira egingo dute, herritarrei emanaldiaren berri emateko, eta, horren ostean, Elgetako Kantoriak ibiliko dira kantuan kalez kale.

Zer kontatzen duzue Hauspoa eta tunela ikus-entzunezkoan?

Euskal trikitiaren jatorriari buruzko dokumentala da. Bertan islatzen da nola 1859an langile talde bat etorri zen Madril-Paris trenbidearen tunelak egitera. Italiar langileetako batek akordeoi txikia ekarri zuen. Zumarragara ezkondu zen, eta bertatik abiatuta iritsi da trikitia gaur egungo euskal musikaren ikur bilakatzera. Prozesu hori zein izan zen eraman dugu dokumentalera, eta guztia jantzi dugu euskal kulturako luxuzko hogei bat lagunek emandako lekukotasunekin. Tartean dira Fermin Muguruza, Bernardo Atxaga, Enrike Zelaia, Kepa Junkera, Jon Maia eta Toti Martinez de Lezea.

Deigarria da urte gutxian zenbat errotu den soinu txikian.

Gure betiko trikitiari dagokionez –soinua eta panderoa–, erdia bertakoa da, eta beste erdia, kanpotik etorritakoa. Italiar haiek gurera etorri aurretik, pandero-joleak abesten zuen trikitia. Batzuetan filarmonikarekin eta beste batzuetan txistuarekin lagunduta, baina trikitiaren arima panderoa zen. Soinu txikia etorri zenean aldatu zen hori. Atzerritarrak arriskua direla zabalduta dagoen garaiotan, oso garrantzitsua da bestelako kontakizunak sortzea eta balioa ematea kanpotik etorritakoek ekarri diguten guztiari. Askotan galdetzen dugu nondik sortu den euskara. Miraririk handiena da nola iritsi den gaur egun arte. Uste dut erantzuna dela jakin izan dugulako kanpotik etorritakoa gureganatzen eta horrek indartsuago egin gaituela.

Iñaki Pinedorekin batera egindako proiektua da dokumentala.

Bai; nik ez dakit ezer dokumentalak egiteari buruz, eta hark ez daki ezer akordeoiei buruz, baina topo egin genuen bidean eta jakin dugu bi jakintzak ondo uztartzen. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak