Elgetarrek argi dute magia emanaldiek ongi funtzionatzen dutela herrian, eta hori argi geratu da asteburu honetan egin duten Magia asteburuarekin. Zapatu eta domeka bitartean magiarekin lotutako hiru ekimen egin dituzte, eta egitasmoari balorazio "oso positiboa" egin dio Elgetako Udaleko zinegotzi Maialen Arnedok: "Jende asko gerturatu da aurten. Azaroko Hilabete Kulturaleko kartelak argitaratu genituenean antzeman genuen jendeari gustatu zitzaiela ekitaldiak. Orotara, ikusi dugu jendeak barre asko egin duela, eta pozik gaude erantzunarekin".
Magia asteburua, "errotuta"
Elgetako Udalak antolatzen duen Azaroko Hilabete Kulturalaren barruan kokatzen da Magia Asteburua, eta dagoeneko magia asteburua "ongi errotuta" dagoen egitasmoa dela nabarmendu du Arnedok: "Magiak indar handia du Elgetan. Normalean jende asko gerturatzen da, jendeari gustatu egiten zaio egitasmoak, eta gustura gaude herritarrek urtero ematen duten erantzunarekin".