Abeslaririk ere ez zaio falta izan laukoteari rhythm-and-blues, soul eta rock-and-roll melodiak taularatzeko. Dani Nel·lo saxofonista beharbada ez da horren ezaguna gurean, baina 40 urteko eskarmentua dauka bizkarrean, hastapenetan Los Rebeldes taldeko eta gaur egun Mambo Jambo taldeko kidea den heinean. Proiektu musikal ugaritan parte hartu izan du, beste talde batzuen diskoak ekoiztuz, ikus-entzunezkoetarako eta antzerkirako soinu bandak konposatuz eta iCat irratiko Jazz Watusi irratsaioa zuzenduz, besteak beste. Loquillo, Bunbury eta Kiko Veneno moduko artista ezagunekin kolaboratu izan du, gainera.
Bric-À-Brac diskoa argitaratu du berriki Dani Nel·lo & Organ Trio izeneko formazioarekin, eta horko abestiak, bere ibilbide musikalekoak eta gustuko dituen artisten bertsioak taularatu ditu Ozkarbiko publikoaren aurrean. Bere konposizioak rhythm & bluesaren energiaren eta noir unibertsoaren soinuen artean oinarritzen dira, eta trebea da zuzeneko elektrikoak jotzen. Atzo, oholtza txiki baina goxoan eman zuen bere dohainen berri, eta bukaerarako txora-txora eginda bukatu zuen publiko elgetarrak.
Soraluzen egiten den Blues Hotsak jaialdi entzutetsuaren baitako emanaldia izan da, eta lehen aldiz Debabarreneko mugak zeharkatu ditu, Goibeko euskara elkarteari eta jaialdiaren antolatzailea den Gaztelupeko Hotsak elkarteari esker.