Soraluzen egiten den Blues Hotsak jaialdi entzutetsuak Debagoienaren eta Debabarrenaren arteko mugak gaindituko ditu bihar, eta Dani Nel·lo + Organ Trio taldearen kontzertua eramango du Elgetara, Goibeko Kultur Elkartearekin elkarlanean. Emanaldia Ozkarbi elkartean izango da, 19:30ean.
Herritik kanpo, lehenengoz
Ibilbide luzeko jaialdia da Blues Hotsak, eta, bertako zuzendari Ubane Uzinek azaldu duenez, txikitik handira joan da: "2019an sortu zen jaialdia, modu nahiko bitxian. Udalari esker aurrekontu txiki bat genuen, eta denborarekin nazioarteko jaialdi erreferente bilakatu da".
Jatorriz, Soraluzeko mugen barruan egin den jaialdia da hori, baina horrek bere mugak ditu: "Soraluzek bere mugak ditu. 3.500 biztanleko herri bat da, eta badugu areto bat, baina ez da oso handia". Horregatik, aurten, lehen aldiz, Soraluzeko mugak gaindituko ditu jaialdiak, "esperimentu" gisa: "Bi kontzertu potente herritik kanpo eraman nahi izan ditugu. Bata herri txiki batera eramatea erabaki dugu; kasu honetan, Elgetara. Bestea, kontrara, herri handi batera eramatea erabaki dugu: Eibarrera".
Herri txiki baten aldeko apustua egitea ez da ausazkoa izan, Uzinek dioenez: "Guretzat garrantzitsua da herri txikietan horrelako gauza potenteak egitea. Batzuetan, ematen du horrelako herrietan erdipurdiko gauzak bakarrik egin daitezkeela, eta ez gaude horrekin ados".
Bestelako estiloei atea ireki
Ibilbide oparoko musikaria da Dani Nel·lo saxo jotzaile katalana; izan ere, 1985ean eman zituen lehen pausoak, Los Rebeldes taldearekin batera. Geroztik, mundua astintzen ibili da, rhythm and bluesean oinarritutako konposaketekin eta zuzeneko beroekin.
Uzinek dioenez, elgetarrek ezohiko emanaldi batez gozatzeko aukera izango dute gaur: "Esango nuke elgetarrentzat ezohikoa izango dela, eta ez dut uste gisa honetako kontzertu bat antolatuko zuketenik. Aukera paregabea da beste estilo bati ateak irekitzeko". Emanaldi horiek orokorrean harrera ona izaten dutela gaineratu du: "Estilo horiek harrera ona izaten dute; gainera, jendeak gustura hartzen du udatik kanpoko programazio indartsu eta ezberdinak izatea".