Salbuespenak salbuespen, Elgetako Udalak %3 igoko ditu udal tasa eta zergak 2027an. Salbuespen esanguratsuenetako bat etxebizitza hutsei aplikatzen zaien errekarguaren igoera da; izan ere, 2027an %150eko errekargua aplikatuko zaie.
EH Bilduko ordezkarien aldeko botoekin eta EAJkoen abstentzioarekin egin zuen aurrera Udal Gobernuak aurkeztutako ordenantza proposamenak azken osoko bilkuran. "Etxebizitza diagnostikoa egin dugu, eta mahai gainean dugun datuetako bat da herrian ehun bat etxebizitza huts daudela. Pentsatzen dugu errekargua %75etik %150era igotzea badela presioa egin eta etxebizitza horiek mobilizatzeko modua. Beste herri askotan neurri bera hartzen ari dira. Egia da horrek ez duela kentzen politika aktiboak sustatzeko beharra, eta azaro bukaeran edo abendu hasieran aurkeztuko dugu lantzen ari garen Etxebizitza Ekintza Plana", azaldu du Ibon Unzetabarrenetxea alkateak.
Jeltzaleak ez dira iritzi berekoak. "Ez dugu neurria babesten. Ez du etxebizitza hutsak merkatura atzeratzeko helburua betetzen. Aurreko urteetan ikusi dugu hori. Diru gehiago biltzeko eta etxejabeak zigortzeko neurria da. Berez, ez gaude errekarguaren kontra, baina beste neurri batzuekin batera ezarri beharko litzateke. Esaterako, etxebizitza-promozio berrien sustapena eta beste erakunde batzuekin lankidetza bultzatuz", esan du Iker Laka jeltzaleak.
Hondakinen tasan igoerarik ez
Hondakinen tasa ez da igoko, baina bada eztabaida Gobernuaren eta oposizioaren artean. "Zerga sistema justuagoa eskatzen dugu", azaldu du Lakak. "Gure kalkuluen arabera, elgetarren fakturek %20 merkeago izan beharko lukete. Oñatin eta Antzuolan atez ateko bilketa sistema dute eta garestiagoa da. Ondo iruditzen zaigu herri bakoitzak zein sistema nahi duen aukeratzea, baina bilketa zerbitzuaren kostuaren banaketak horren arabera beharko luke. Beasain aldeko Sasieta mankomunitatean duten eredua hartzen dugu erreferentzia. Herri bakoitzak dagokiona ordaintzen du, nahiz eta bilketa sistema ezberdinak izan".
Udal Gobernuko kideen esanetan, zaborren kudeaketa Debagoieneko Mankomunitatetik egiten da eta herri guztien artean ordaintzen da. "Bestetik, jeltzaleek diote On~atiko eta Antzuolako atez ateko bilketa sistemak kaltetu egiten gaituela, baina ondo aztertu beharko litzateke hori; izan ere, hondakinak batzera Elgetaraino igotzen diren kamioien garraio gastuak handiak dira", esan du alkateak.
Bestelako zerga eta tasei dagokienez, kirol zerbitzuetako tasak ez dira igoko, jarduera ekonomikoaren gaineko zergaren hobaria bost langiletik gorako enpresentzat izango da –ez hamar– eta ibilgailuen gaineko tasan %50eko hobaria izango dute auto hibridok zein elektrikoek, eta ez da desberdintasunik egingo bi ibilgailu moten artean.