Hodei magoak Hiru elementu: 360 graduko murgiltze-esperientzia ikuskizuna egingo du, barikuan, antzokian. Hiru emanaldi izango dira; 18:00etan, 19:00etan eta 20:00etan. Udaletxean eska daitezke gonbidapenak. Hodei magoaren esanetan: "Sormena, kuriositatea eta pasioa dira gaur garen horretara eraman gaituzten hiru elementuak (...) Topaketa intimoa izango da. Eguneroko zaratatik urrun, paper txiki bat, txirrin bat eta artilezko bola bat besterik behar ez den lekua, istorioak kontatzeko, hunkitzeko eta hausnarketarako gonbita egiteko".
Zapatuan, Potx magoa
Potx magoak bi orduko tailerra eta Zintzilik ikuskizuna eskainiko ditu zapatuan. Tailerra 6 urtetik gorakoendako da eta 11:00etan hasiko da. Ikuskizuna, berriz, 17:00etan izango da. Ilusio ezinezkoak eta umorea uztartzen ditu oholtzan, ikusleak harrituta uzteko asmoz.
Hilabete kulturalaren baitan Garazi Albisua komikigileak gidatutako tailerra izango da astelehenean eta martitzenean. Interesatuek udaletxean eman behar dute izena.