Hitzaldi zikloa iragartzeko kartelean honakoa irakur daiteke: Heriotzaren aurrean ere kokatu gaitezkeelako. Zer esan gura du?
Gure gizartean heriotza tabua da eta tabu horrek ezgauza egiten gaitu. Ez dugu heriotzari buruz hitz egiten, baina heriotzaren bueltako gauza praktikoei buruz ere ez. Eta jakin behar dugu prestaketa falta horrekin heriotzak eragiten duen sufrimendua areagotu egiten duela.
Nola planteatu duzu sei hitzaldiko zikloa?
Lau urte daramatzat heriotzari buruzko tailer praktikoak egiten. Kasu honetan ez dira tailerrak baizik eta hitzaldiak. Planteamendua da heriotzarekin lotutako gaietan zein aukera eta zein eskubide ditugun aurkeztea, modu horretan nork bere erabakiak argitzen joateko. Hitzaldietan informazioa ematen dut. Gero nork bere gogoeta egiteko galdera batzuk botatzen ditut eta dokumentu ofizialak egiten hasteko gonbidapena egiten dut. Komeni da pentsatzea gai horien inguruan norberak zer pentsatzen duen. Hori eragitea da hitzaldi sorta honen helburua; izan ere, posible da heriotzari buruz hitz egitea. Argitu nahi dut, hori bai, ez ditudala saio hauek doluan dauden pertsonendako gomendatzen. Doluan gaudenean gerturatzea beste bide batetik egin behar da.
Azaroaren 5ean egingo duzu hurrengo hitzaldia Maitasuna heriotzaren gai nagusia izenburupean. Zer landuko duzue?
Heriotzaren gai zentrala maitasuna da. Beldurra sartu digute; sasoi batean infernua eta purgatorioa aipatzen zizkiguten eta egungo ikus-entzunezko gizartean, berriz, biolentzia eta tragediaz inguratutako heriotzak ikusten ditugu –telebistan, pelikuletan, bideo-jokoetan...–. Sortutako ikara bat da; izan ere, ia ez dugu heriotza normalik ikusten baina asko dira maitasunez inguratutako heriotzak. Gehienak, hain zuzen ere. Ezin dugu ahaztu hildakoa maite dugulako egiten digula mina bere heriotzak eta maitasun horrek indar handia duela. Adibide bat jarriko dut. Inork ez du nahi tanatorio bat bere etxe ondoan. Ikusten duguna da jendea negarrez. Baina begirada aldatu eta ikusiko bagenu pertsona horiek guztiak negarrez daudela joan den pertsona hori maite dutelako, beste modu batean ikusiko genituzke espazio horiek.
Azaroaren 12ko hitzaldiak Gure agurra du izena.
Bai. Euskal Herrian elizak egin izan ditu agurrak eta neurri batean gizarte honek baztertu egin du hori, eta utzi du kontua enpresa pribatuen esku. Hau da, komunitate bezala ez dugu ezer sortu. Eta hor hausnartu daiteke norbanako moduan nola nahi dugun agur hori. Horretaz berba egingo dugu; agurren funtzioaz.
Azken bi saioetan –azaroak 19 eta 26– osasungintzari buruz arituko zara gehiago.
Bai; ideia da azaltzea zein lege eta eskubide ditugun, ze alde dagoen sedazioaren eta eutanasiaren artean, prozesu horiek zelakoak diren; izan ere, batzuek uste dute aurretiazko borondateen dokumentua eginda nahikoa dela baina ez da horrela. Helburua da osasun sistemak ematen dizkigun eskubideak ezagutzea eta guk nola gertatzea nahiko genukeen gogoetatzea.
Pare bat belaunalditan asko aldatu da heriotza prestatzeko, bizitzeko eta ospatzeko moduan. Zergatik?
Ez nuke gure aurrekoen eredua idealizatuko; izan ere, orduan ere beldur handia zegoen, baina egia da jakituria handiagoa zeukatela, besteak beste elkar zaintzarako errito eta auzolan kolektiboei dagokienez. Hori dena galdu egin dugu eta argi dagoena da jakintza ezak sufrimendu handiagoa sortzen duela.