Goizeko bakailao eta pintxo lehiaketaren ostean etorri ziren bazkaria, kantu saioa, irrintzi lehiaketa eta danborrada. Adin askotariko auzotarrak elkartu ziren mahaiaren bueltan eta paella goxoa jan eta gero kantuan egin zuten Ainhoa Sanchezek eta Beñat Leanizbarrutiak trikitiarekin eta panderoarekin lagunduta.
Abestea gutxi ez eta dantzan ere jarri ziren asko eta asko. Batzuek antzokiko eszenatokira igotzera ere animatu ziren inprobisatutako banango erakustaldia egiteko.
Irrintzi lehiaketa izan dute aurten Domingo Iturbe kaleko jaietan eta Uxue Unzetabarrenetxeak botatakoa izan zen onena epaimahaiaren iritziz. Jaietako zapia jaso zuen opari.
Danborrada
Asteetan prestatutako danborrada etorri zen ondotik. Iaz egin zuten lehenengo aldiz eta eguraldia ez zuten lagun izan. Zaparrada handia izan zuten eta Domingo Iturbe kaleko danborradak ez zuen hasiera batean aurreikusitako ibilbidea osorik egiterik izan.
Aurten, oso bestela joan dira gauzak; izan ere, eguraldia lagun izan dute eta danborradak Domingo Iturbe kaleko goiko biribilguneraino egin zuen joan-etorria. Iaz moduan, Bergarako bandako hainbat kideren laguntza izan dute eta gozatu ederra hartu dute denek.