Liburutegien Eguna da bihar, zapatua, eta, horren harira, hainbat ekintza izango dira Elgetan. Horien artean, Giza Liburutegia izango da protagonista: hirugarren urtez jarraian, herritarrek liburuen ordez pertsonen bizipenak eta esperientziak ezagutzeko aukera izango dute. Gainera, haurrentzako ipuin saio bereziak eta Miniteka proiektu pilotua ere badaude martxan.
Biharko Giza Liburutegian lau hizlari izango dira: Maite Retolaza, Julian Markiegi, Mila Elortza eta Asier Errarte. Elgetarekin harremana dute laurek, baina bakoitzaren istorioak eta bizipenak askotarikoak dira.
Pertsonak, "liburu bilakatuta"
Liburutegiko lau txokotan banatuko dira protagonistak, eta nork bere bizitzan garrantzi berezia izan duen gai baten inguruan hitz egingo du, 15-20 minutuz. "Hizlariak bilakatuko dira liburu", azaldu du Geaxi Ezpeleta liburuzainak. Izan ere, ohiko liburutegietan ez bezala, informazioa ez da idatzizko lanen bidez jasoko, pertsonen ahotik baizik. Talde txikietan egingo dituzte saioak, hizlari bakoitzarekin hiruzpalau lagun elkartuta. Horrela, konfiantzazko giroa sortu eta, hizlariek nahi duten neurrian, galderak egiteko aukera izango dute entzuleek. Parte-hartzaileek eurek aukeratuko dute zein istorio entzun, eta saio bakarrean, bitan edo lautan parte hartu ahal izango dute.
Aurrez izena eman dutenek lekua erreserbatuta izango dute; hala ere, zapatu goizean bertaratzen direnek ere parte hartzeko aukera izango dute. Ekimenaren helburua Elgetako komunitatea ezagutzea eta indartzea da, pertsonak erdigunean jarrita. Ezpeletak azaldu du "liburutegiaren ezagutza partekatzeko funtzioa sustatzen duen ekimena" dela. Orain arteko edizioetan, hizlarien zein entzuleen balorazioak "oso positiboak" izan dira, eta aurten ere hala izatea espero dute.
Miniteka eta ipuin saio bereziak
Miniteka urriaren 30era arte martxan egongo den proiektu pilotua da. Materialez betetako kutxa bat da, eta, horren bidez, hainbat tokitan irakurketa eta jolasguneak sortzea proposatzen du ekimenak. Alfonbrak, tipi-dendak, eraikuntza-materialak eta liburuak ditu, besteak beste. Elgetako liburutegian dago kutxa maileguan, eta nahi duenak hartu dezake, nahi duen tokian "liburutegia" sortzeko –jakinarazi dute materiala hartzeko nahitaezkoa dela heldu bat joatea–.
Bestalde, gaur, haurrentzako Ipuinen ordua saio bereziak egingo dituzte, 17:30ean hasita, bi adin taldetan banatuta: HH2tik LH1era eta LH1etik LH6ra. Ordu erdiko ipuin-kontaketen ondoren, eskulanak egiteko aukera izango dute, eta lau bat ipuin zozketatuko dituzte. Horrela, liburutegiak irakurzaletasuna sustatu eta adin guztietako herritarrengana hurbiltzeko eguna osatuko du.
Biblio Hotz hitzaldi sorta martxan
Bibliohotz, heriotzaren eta doluaren inguruko tabuak haustea helburu duen ekimena da. Bibliobero, tabu sexual eta erotikoak hausteko ekimenarekin, urtez urte txandakatzen doa. Aurten, Nerea Erkiagaren gidaritzapean, Hil arte bizi hitzaldi zikloa antolatu dute, atzo hilak 22 hasi zena. Hitzaldiak eguenero izango dira, 18:30ean, azaroaren 26ra bitartean. Saio bakoitzak gai propioa izango du, eta guztiek heriotzaren inguruko prozesu eta bizipenetan sakontzeko aukera emango dute. Hitzaldietan parte hartzeko ez da aurrez izena eman behar.
Horrez gain, erakusketa bat antolatzea aurreikusten dute, baina horretarako herritarren ekarpenak behar dituzte. Herri moduan heriotzaren inguruko iruditeria osatzeko erronka jarri dute, eta edonork aurkez dezake nahi duen sormen-adierazpena.