Domingo Iturbe Fest-ek astebururako egitarau osatua dakar, bigarrenez

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba

Danborradaren entsegu orokorra, eguaztenean. 

Asteburuko osagai nagusiak zapatu arratsaldeko danborrada, txaranga eta musika emanaldiak izango dira

Domingo Iturbe Fest bigarrenez ospatuko dute asteburu honetan. Iaz, lagun talde batek kalea biziberritzeko asmoz jarri zuen martxan jaia, eta aurten ere egitarau zabala prestatu dute elkarlanean. Joan den urteko esperientziak lagunduta, aurten prestaketetan "errazago" aritu direla aitortu du Uxue Larreak, antolakuntzako kideak. Berrikuntza txikiak ere badakartza egitarauak; tartean, Ufal erromeria eta trikitilarien saioak. Aste honetan danborradako azken entseguak egin dituzte, eguaztenean eta eguenean, "parte-hartzaile bakoitzaren egitekoa eta kokapena zehazteko", azaldu du Larreak. Iaz bezala, 60 lagun inguru irtengo dira danborradan, Bergarako bandarekin batera. Bazkarirako, berriz, 60-70 lagun inguruk eman dute izena. Menuan paella, edaria, postrea eta kafea izango dira, baita pasta beganoa ere, Bolognako erara. Jende gutxiagok eman du izena, baina antolatzaileek baikor begiratzen diote asteburuari. "Agian, jendeak beste plan batzuk izango ditu, baina gaudenok ondo pasatzea espero dugu", azaldu dute.

Egitarau osatua, prest

Jaia egubakoitzean hasiko da, eskola ondoko frontoi zaharrean. Bertan egongo da txosna –ogitartekoak eskainiko dituzte–, eta Izenbakuak txarangak eta DJ Otok giroa alaituko dute. 

Zapatuan, berriz, goizean hasiko dute jaia. Frontoi zaharrean pintxo eta bakailao lehiaketak egingo dituzte, eta trikitilariak bertan jardungo du 14:30ak arte. Momentuz, hiru taldek eman dute izena haurren pintxo lehiaketan eta seik bakailao lehiaketan; hala ere, azken unean animatzen direnek ere parte hartzeko aukera izango dute. Bazkaria 15:00etan izango da, antzokian, eta bazkalosterako kantu-gida prestatu dute, "betiko euskal kantuak guztiok batera abesteko", argitu du Larreak. 

Iazko jaian euriak ez zuen askorik lagundu, eta aurten eguraldi hobea egitea espero dute. "Opari handiena euririk ez egitea izango litzateke", azaldu du Larreak. Badaezpada, euritakoak erosi dituzte danborradako parte-hartzaile guztientzat.

Egitaraua prest dute, beraz, eta herritarrak asteburuan kalera atera, ekintzetan parte hartu eta Domingo Iturbe Fest jaiaz gozatzera animatu dituzte.

Domingo Fest egitaraua

Urriak 23, egubakoitza

  • 19:00 Txosna irekiera eta txupinazoa
  • 20:00 Izenbarekuak txaranga
  • 22:00 Dj Oto 

Urriak 24, zapatua

  • 11:00 Bakailau eta pintxo lehiaketa
  • 13:30 Trikipoteoa
  • 15:00 Herri bazkaria
  • 16:30 Kantaldia trikitilariekin
  • 18:00 Irrintzi lehiaketa
  • 19:00 Danborrada
  • 21:00 Ufal Erromeria
  • Ondoren, etxeko DJak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak