Adrian Gorostiza: "Txapelketa bat prestatzea baino askoz gogorragoa da osteko errekuperazioa"

Mireia Bikuña Madrid

Título 2179317

Adrian Gorostiza (Elgeta, 1993) 2015ean sartu zen lehen aldiz gimnasio batera, 22 urterekin. Orduan landatu zuen gerora hazten joandako gogoa eta nahia, kulturismoa egitera heldu arte.

Kulturismoa egiten duzula diozu, baina ez zarela kulturista. Azaldu hori, mesedez.

Niretzat, kulturista izatea edo kulturismoa egitea bizitzeko modu bat da, kirolaz harago. Nork bere burua kulturistatzat hartzeko ez dauka zertan lehiatu, baina bizimodu horri lotuta egon behar duela uste dut. Hau da, lehiatzaile batek egiten duen guztia berdin-berdin egin, baina bere burua eszenatoki batean epaitua izatera eraman gabe. Muga horrek ezberdintzen ditu kulturismoa eta fitnessa.

Orduan, zein ezberdintasun daude kulturismoaren eta fitnessaren artean? 

Kulturismoa gorputzaren estetika bere mutur gorenera eramatean datza eta fitnessa, berriz, bizimodu osasuntsu eta orekatu batean oinarritzen da. Horregatik, errespetu handia diet kulturista direnei, eta, batez ere, kulturista izaten urte asko daramatenei. Nik azkenengo lau urteetan kulturismoa egin dut lehiatzera iristeko helburuarekin, eta, prozesu horretan, kulturista gisa bizi izan naiz; baina neure burua kulturistatzat hartzeak pisu handia dauka. Gaur egun, kulturista gisa entrenatzen jarraitzen dut, baina ikuspuntu malguago batetik. Adibidez, elikaduran eta funtsezko beste parametro batzuetan lasaiago nabil. Eta, ziur aski, hemendik aurrera horrela izaten jarraituko du. Horregatik diot txapelketa batean parte hartu dudan arren kulturista naizela esatea erantzukizun handiegia dela.

2026ko irailean lehiatu zinen lehen aldiz. Gustura geratu zinen?

Bai, gustura eta pozik. Terrassako eta Tarragonako Espainiako txapelketetan parte hartu nuen; eta esperientzia oso aberasgarriak izan ziren, lehen txapelketak zirela kontuan hartuta. Oso pozik bukatu nuen, baina une batzuetan ariketak hobeto definitu izan banitu, ziur nago postu bat gorago bukako nuela. Laburtuz, asko gozatu nuen, baina zapore gazi-gozoarekin bukatu. 

"Espainiako txapelketetan gozatu egin nuen; oso aberasgarriak izan ziren biak"

Etorriko dira beste txapelketa batzuk?

Ez dakit. 2022an erabaki nuen kulturismoko txapelketaren batean parte hartu gura nuela. Ordutik, lau urtean, prestaketa zorrotza egin dut helburu hura beteko ametsa lortu ahal izateko. Terrassan eta Tarragonan egon nintzen. Baina, hilabete pasa arren, txapelketaren osteko bidea oso gogorra egiten ari zait, mentalki eta fisikoki. Gorputza muturreraino eraman dut txapelketa prestatzeko, eta horrek eragin zuzena dauka gorputzaren funtzionamenduan. Oso irregular daukat orain. Fisikoki ondo ez egoteak mentalki ez egotera garamatza. Gainera, hormonak ondo ez ditudanez, buruak ez du modu berean erantzuten. Lehiaketa prestatzea baino askoz zailagoa da osteko errekuperazioa. Orduan, ez dakit beste txapelketaren batean parte hartuko dudan, eta noiz.

Eta hori ez zenuen espero?

Ez. Txapelketaren aurreko prozesuak ez nau harritu. Pentsatzen nuen modukoa izan da; baina ostekoa ez. Edozein lehiaketa prestatu ahal izateko, isolatuta gaude, burbuila baten barruan bezala. Prestaketa fisikoa eta elikadura muturreraino eramaten ditugu. Hori horrela izatea espero nuen. Baina espero ez nuena zen errekuperazioa hain motela eta gogorra izatea.

Zer aholkatuko zenioke kulturismoa egin nahi duenari?

Lehenik, kulturismoa eta fitnessa bereizten ote dakien galdetuko nioke. Gaur egun, oso modan dago fitnessa. Baina hori da bizitza osasuntsua eramatea, kirola eginez eta osasuntsu elikatuz. Gero dator kulturismoa. Beste pauso bat gehiago. Pauso handia; eta gero dator lehiaketako kulturismoa. Gauzak oso garbi izatea da inportanteena.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak