Erantzun "oso ona" izan du orientazio jolasak Elgetan

Idoia Aranbarri Arzuaga

Kirol asteburuaren bigarren aldia ari dira ospatzen Elgetan asteburu honetan. Atzo egin zuten herriko frontoian adin guztiei zuzendutako maila ezberdinetako orientazio jolasa Gipuzkoako Orientazio Taldearen eskutik.

Gipuzkoako Orientazio Taldeak gidatuta, orientazio jolasean parte hartzeko aukera izan zuten adin guztietako elgetarrek atzo arratsaldean. Askotariko eta maila ezberdinetako jolasak prestatu zituzten. Jarduneko alkate Ikuska Lizarralderen esanetan "zoragarri" igaro zuten atzo arratsaldean: "Iaz orientazio mapa bidez egin zuten eta arrakasta handia izan zuen. Aurten, beste proba batzuk ziren, gainera, leku itxi batean eta ez genekien zer harrera izango zuen. Oso erantzun ona izan du. Asko gustatu zaio jendeari". 

Lizarraldek azaldu du Gipuzkoako Orientazio Taldetik ere esker mezua haso dutela "parte-hartze eta dinamizazio onagatik". Jolasak "erronka puntu bat" ere bazuela aitortu du eta polita izan zela. Gainera, Elgetako liburutegiak Miniteka ere jarri zuen.

Gaur eta bihar ekintza gehiago

Piñu-kokuk ere hainbat jarduera prestatu ditu. Skate, BMX eta roller kirolak sustatzen dituzte, eta gaur arratsaldean Berraondokoan duten Tgoki egoitzaren ateak irekiko dituzte, nahi duenak instalazioak erabil ditzan. Skate erakustaldia ere izango da, eta, horrekin batera, mahai-tenisean eta mahai-futbolean aritzeko aukera izango dute umeek zein helduek.

Biharko, berriz, pump-track saioa eta hiru txirlo bola-jokoa antolatu dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak