Danborradak "itxura ona du", eta bazkarirako txartelak salgai daude

Larraitz Zeberio Lekuona

Danborrada, iaz, Domingo Iturbeko kaleko jaietan.

Urriaren 23an eta 24an ospatuko dituzte Domingo Iturbe kaleko jaiak, eta danborrada izango da ekitaldi nagusietako bat. Bazkarirako txartelak salgai daude Janelan –aukera beganoa egongo da–, eta bakailao eta pintxo lehiaketako izen emateak zabalik.

Aspaldi heldu ziren Oñatiko danborrak eta kupelak Elgetara, eta haiekin egin dituzte ia entsegu guztiak aurten. "Nabari da bigarren urtea dugula. Iaz baino hobeto jotzen ditugu kantuak aurten", azaldu du Domingo Iturbe Fest Jai Batzordeko Uxue Larreak. 

Urriaren 23an eta 24an ospatuko dituzte Domingo Iturbe kaleko jaiak, eta danborrada izango da ekitaldi nagusietako bat. "Espero dugu iaz baino eguraldi hobea izatea. Gure asmoa da, aurten bai, eskolatik abiatu eta Domingo Iturbe kaleko goiko biribilgunerainoko ibilbidea egitea danborrekin".  

Txapelketak eta bazkaria

Zabalik daude bakailao zein pintxo lehiaketarako izen emateak, Janelan. Zapatuko bazkarirako txartelak ere han daude salgai. Prezioa 17 euro da, eta aukera beganoa ere egongo dela jakinarazi du Larreak. Iaz, 132 lagun elkartu ziren bazkaltzeko. 

Ainhoa Sanchezen trikiti doinuek girotuko dute bazkalostea. Ondoren, irrintzi lehiaketa egingo dute, eta hori amaitutakoan abiatuko da danborrada. Antolatzaileek esan dute ohikoa baino entsegu gehiago egingo dituztela datorren astean. Izenbarekuak txarangak eta Ufal erromeria taldeak osatuko dute egitaraua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak