Elgetako kirol asteburuak bigarren edizioa izango du aurten eta bihar, barikua, abiatuko da. "Oso ondo joan zen iazkoa eta erabakia izan da jarraipena ematea", azaldu du jarduneko alkate Ikuska Lizarraldek.
Gipuzkoako Orientazio Taldeak gidatutako jolasarekin abiatuko da egitaraua, bihar. "Azpimarratu nahiko nuke ume zein helduendako ekintza dela; izan ere, askotariko jolasak izango dira eta bakoitzak bere mailaren arabera egingo du probetan aurrera. Ume txikiendako txokoa ere egongo da", esan du Lizarraldek. Kantxan egingo dute orientazio-jolasa, eta eguraldi txarrarekin frontoian. Ez da aurrez izena eman beharrik izango, eta bertaratzen den jende kopuruaren arabera antolatuko dituzte taldeak.
Mendi Mendia Racing taldeko pilotuen txanda izango da ondoren. Plazan izango dira 19:00etan, eta autoa erakusteko zein herritarren galderak erantzuneko prest izango dira.
Piñu-kokuk ere hainbat jarduera prestatu ditu. Skate, BMX eta roller kirolak sustatzen dituzte, eta Berraondokoan duten Tgoki egoitzaren ateak irekiko dituzte bihar, nahi duenak instalazioak erabil ditzan. Skate erakustaldia ere izango da, eta, horrekin batera, mahai-tenisean eta mahai-futbolean aritzeko aukera izango dute umeek zein helduek.
Domekan, berriz, pump-track saioa eta hiru txirlo bola-jokoa izango dira. Ekintza guztiak doan dira.
Herri Hezitzailea dinamika
Elgeta Herri Hezitzailea dinamikako kirol taldean diharduten kirol eragileek osatu dute egitaraua, Udalarekin elkarlanean. "Helburua da herrian ditugun baliabideak eta kirol taldeak balioan jartzea, betiere ondo pasatzeko eta ikasteko helburuarekin", esan du Lizarraldek. "Iaz baino ekintza gutxiago daude egitarauan; izan ere, arrakastatsuenekin egin dugu aurrera. Bestalde, kendu egin ditugu txapelketa formatuko ekintzak. Elkar-zaintza da Elgeta Herri Hezitzailearen ezaugarrietako bat eta lehiakortasunaren izenean sarri ahaztu egiten dugu".
Parte hartzea sustatzeko zozketa egingo dute aurten ere: "Parte hartutako ekintza bakoitzeko zenbaki bana jasoko dute herritarrek, eta herriko establezimenduetan erabiltzeko 50 euroko hamar bonu zozketatuko ditugu domeka iluntzean".