UEMAren eskariz Siadecok egindako ikerketak dio eremu euskaldunenetan ere euskara atzerantz egiten ari dela. Hala, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Esnatu dinamika abiarazi zuen udaberrian. Herriz herriko aurkezpenak egiten ari dira orain, eta UEMAko teknikari Ibon Aginagak eta Udaleko Euskara zinegotzi Maialen Arnedok egin zuten Elgetakoa aurreko astean. Herriko lau eragile elkartu ziren aurkezpenean: Intxortako Ahuntzak, Maala guraso elkartea, Amantalak talde feminista eta Ixotzen energia komunitatea.
Herritarren aktibazioa
Herritarren aktibazioa lortu nahi du UEMAk Esnatu ekimenarekin, eta dei argia jaso dute Elgetako eragileek ere: dinamikarekin bat egin eta euskara bultzatzeko konpromiso zehatzak hartzea. "Neurririk hartu ezean arnasguneak desagertzeko arriskuan daude", esan zuen Aginagak.
Ekimenarekin bat egiteko formularioa, informazioa zein orain arte atxikitako eragileen zerrenda eta horiek hartutako konpromisoak ikusgai daude labur.eus/esnatueus webgunean. Kanpaina egiteko material osagarria ere bertan dago. "Ardura partekatu bat da, eta Elgetako eragileak gonbidatzen ditugu ekimenarekin bat egin eta konpromiso batzuk har ditzaten, nork bere errealitatetik abiatuta", esan du Maialen Arnedok.
Eragileen argazkia
UEMAk abenduaren 1ean egingo du Esnatu dinamikak lortutako atxikimenduen berri emateko agerraldi nagusia, Orion. Asmoa da kanpainarekin bat egin duten Elgetako eragileekin lanketa egitea aurretik, eta, ahal dela, talde-argazki bat ateratzea.