Euskal Mendizale Federazioak mendizaletasunaren esparruan nabarmendu diren ibilbideak, jarduerak eta ekarpenak aitortuko ditu beste urte batez. Euskal Mendizaletasunaren XXX. Gala iragarri dute eta mendizaletasunarekin lotura estua duten zazpi lagunek jasoko dute aitortza. Horien artean da Oihana Kortazar. Mendi lasterkari elgetarrak Loli Lopez Goñi Emakume Mendizaleak saria jasoko du.
Ekitaldia 18:30ean izango da Arrigorriagako Lonbo Aretoan eta modu horretan keinu bat egingo diote aurten 75 betetzen dituen Padura Mendi Taldeari. Ekitaldian Pyrenaica aldizkariaren urteko sariak ere banatuko dituzte.
Gainerako sarituak
Gainerakoan, Mikel eta Jon Inoriza anai alpinista eta eskalatzaileek jasoko dute Andres Espinosa, Euskal Mendizale 2026 saria –urteko aitortza nagusia–.
Jarduerarik Interesgarrienaren Antxon Bandres saria Elgoibarko glaziologo Eñaut Izagirrek jasoko du Patagoniako eta Pirinioetako glaziarren esplorazioan eta ikerketan egindako lanagatik.
Ibilbideari emandako saria Baltasar Zapatero eta Jose Nieto Madridek jasoko dute, mendizaletasunarekin urte luzez izandako lotura eta egindako ibilbidearengatik.
Urte luzez hainbat kirol eta boluntariotza ekimenekin lotutako egondako Txema Noval mendizaleak, berriz, Euskal Mendizaletasunaren Lagunak saria jasoko du.