Zelakoa izan da Zaballako kartzelan lanean hastea? Handia da, ezta?
Zaballa hiri bat da; gainera, Elgeta edo Berriz baino askoz ere handiagoa. Hainbat udal brigadatako langilea izan naiz orain arte; beraz, kalean egiten nuen lan. Orain, eremu itxi batean ari naiz eta hasieran aldaketa itzela izan zen. Baina ohitu naiz.
Zaballako ateak lehen aldiz gurutzatu zenituenean, zer pentsatu zenuen?
Ba, ate asko dituela. Horretaz gain, Zaballa ez dela nik pelikuletan ikusitako kartzelen modukoa. Esaterako, ez dago barroterik. Espetxe bat da, baina moduluen barruan espazio ireki eta argitsuak daude. Zenbait telebista-plataformatan ematen dituzte kartzelei buruzko dokumentalak. Dokumental horiek oso ondo daude gaur egungo kartzela bat zer den ikusteko. Pelikuletan agertzen direnak baino hobeto.
Hiri txiki bat dela esan duzu. Zergatik?
Supermerkatu txikiak daude, gimnasioa, ikasteko gunea, zinema-aretoa, tailerrak... Eta zerbitzu horietako askotan merezimenduak egin dituzten presoek egiten dute lan, soldata baten truke. Hiri txiki bat da.
Zazpi hilabete daramatzazu Zaballan lanean. Egokitzapena egiteko nahikoa denbora da?
Bai. Hasieran dena da berria eta asko ikasi behar da, baina hilabeteko formakuntza jasotzen duzu eta hor zoaz ikusten eta ikasten. Egia esan, lan dinamika bera dugu egunero, eta martxa hartzen baduzu laster ikasten da. Niretzat zailena espetxeratuekin normaltasunez berba egitea izan zen. Haien beharrei erantzuna emateko zaude, eta laguntzeko, baina errespetua zor dizute, eta, emakumea izatera, zailagoa da hori. Uste dut hartu dudala neurria.
Fama txarra duen lanbidea da. Justifikatuta dago?
Nik ikusten dudanagatik, ez. Lehen, beste mota bateko funtzionarioak zeuden. Orain, tratua beste bat da. Baina egia da fama txarra duen lanbidea dela.
Zer-nolako harremana duzu espetxeratuekin?
Profesionaltasunez jokatzea da nire irizpidea. Ezin dira kartzelatik irten eta egunerokoan hainbat premia dituzte; dokumentu eskaera dela, medikuaren kontsulta, deiak kudeatu, haserreak etxekoekin... Nire lana da ahal dudan neurrian gauzak erraztea. Hori bai, errespetuan oinarritutako harremana da. Zuka egiten diet. Haiek, berriz, doña edo seño esaten digute. Lan honetarako jendearekin traturako gaitasuna eta izaera behar dira. Batzuetan ezetz esan behar duzu, eta oldartu egiten dira, edo istiluak daude eta bi preso banandu behar dituzu. Horrelakoetan, zure lekuan egon behar duzu.
Aurreiritzi asko desegin zaizkizu lanpostu berrian?
Asko. Badago jendea bizitza osoa ematen duena kartzelatik sartu-irtenean, baina badago, baita ere, zu eta ni bezalako jende asko. Une jakin batean erabaki okerra hartu duelako, gau txar bat izan duelako, ingurua aldeko izan ez duelako bizitzan... Zer pentsatua ematen du!
Etika eta segurtasun neurriak tarteko, zure lanpostuak sekretu profesionala eskatzen du. Zaila da "honetaz ezin dut hitz egin" esatea?
Niretzat ez. Lana lana da eta nik oso argi daukat datu batzuk ezin ditudala eman. Hasieratik esaten dizute, gainera. Anekdota batzuk kontatu daitezke, baina pertsonekin egiten dugu lan, eta, medikuei bezala, lanbideko sekretua exijitzen zaigu. Gauza serioa da.
Etxekoei esan zenienean kartzelan hasi behar zenuela lanean, zein izan zen erreakzioa?
Ama asko beldurtu zen eta hasieran oso arduratuta ibili zen. Etxera etortzen zen eta nire senarrarekin batera itxaroten egoten zen, ikusteko ea kolperen batekin heltzen nintzen. Orain, asko lasaitu da.
Laneko kontuak lanean uztea erraza da edo kosta egiten zaizu?
Niretzat erraza da. Uniformea eranzten dudanean ahazten ditut denak, zorionez. Uste dut lanbide honetarako horrelakoa izan behar duzula.