Zelan hasi hintzan dantzaren munduan?
Nik uste juat dantza egitteko gogua piztu zostala ama dantza-irakasle izatiak. Beti izan juat dantzia etxian; beti entzun juat musikia, eta beti izan dok nere bizitzaren parte. Txikittatik, amari jantzixak eta gonak kentzen najotsazen dantza egitteko.
Akordatzen haiz zein izan zan dantzan benetan hasi hitzan momentua?
Gutxi gorabehera, 7-10 urtekin. Bergarara eskola batera juan, eta oso gustora egon nintzuan. Musikiakin konexiño bat sortu najuan eskola hartan. Handik aurrera, eskoletara juan izan nok beti.
Dantza egittia, askondako, lotsa kentzeko ariketia be badon. Zelakua don hire esperientzia?
Nik uste juat lotsa puntu hori askok kendu dogula, eta neuk be pasau juat. Baiña gero, dantzan hasterakuan, lotsa hori alaittasun eta gogo bihurtzen dok. Ez gaozak ohittuta mobimendu horrek egittera, baiña, probau eta bilddurra kendu ostian, batek lotsa galtzen jok. Orduan, uste juat dantzak erakutsi dostala beste alde bat ikusten dantzari berari, eta beste modu batera disfrutatzen.
Ze esango lotsaken lotsiagaittik dantzara animatzen ez danai?
Gauza bakarra: lotsia ez dala galtzen konfort-zonatik urten barik. Dantzia bikaiña dok hori lantzeko, asko laguntzen jok. Eta neure eskoletan, adibidez, ondo pasatzia dok helburua.
Eta ze pentsatzen jan gaur egungo gaztiak daken presiño soziala?
Uste juat sare sozialak presiñua haundittu egin dabela. Nere eskoletan, adibidez, bai igartzen juat "bestiak zelan ikusten daben" horrek urduritasuna dakarrela. Gehixau arduratzen gaittu bestiak ze pentsatzen daben gutaz norberak baiño. Nik uste juat perspektiba hori aldatu egin bihar dogula, eta sare sozialak eraikitzeko tresna bihurtu, presiño barik.
Herri txiki baten gaztia izanda... ze igartzen don faltan Elgetan?
Elgetan faltan igartzen juat garraio publikua. Gaztiok, ikasteko edo herrittik lagunekin urteteko, arazuak izan jittuagu. Ni neu dantza eskolak emoten hasi nintzanian, alde batetik bestera juan bihar izaten nintzuan, eta asko igartzen juat, kotxia beti erabili bihar dalako.
Zer don jentiak hitaz lehen begiratuan pentsatzen dabena eta errealidadiakin bat ez datorrena?
Egixa esan, etxakixat ze pentsatzen daben jentiak nitaz, baiña galdera ona dok, kar-kar. Neuk uste juat pentsatzen debela pazientzia gutxi dakatela. Baiña pazientzia haundixa jaukat, eta oso alaixa nok; ezagutzen nabenian balorau egitten juek.
Hire adiñeko jentiaren ohitturaren bat ulertzen ez donana?
Uste juat dependentzia haundixa sortu dogula mugikorrekiko, eta ohittura hori aldatuko neukek. Sortu daigun elkarrizketa bat ezezagun batekin, autobus geltokixan, dendarixakin... Neretako, horrek harremanok oso inportantiak dittuk; jentiakin harremana eukitziak eta bizitziak asko emoten joskuk.
Etorkizunera begira, nun ikusten don heure burua?
Jentiari lagundu nahi jotsat, beti argi izan juat hori. Dantzan hasi nintzanian, konturatu nintzuan jentia arazoz arduratuta etortzen zala eta nere eskolatik irrifarre batekin urteten zala. Horregaittik, bizitza osuan jarraittuko neukek dantza-irakasle izaten.